Gizartea -

Euskal Hiria

Euskadik genero ikuspegia barneratu du lurralde-plangintzan

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan garapena ulertzeko aldaketa bat planteatzen du dokumentuak, “lurralde bizidunaren” kontzeptua ardatz hartuta.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lurralde-plangintzan genero ikuspegia aurrenekoz sartu du Euskadik. Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak Euskal Hiria kongresuan aurkeztu du.

Datozen hamarkadetarako Euskadiren garapen eredu berria Lurralde Antolakuntza Zuzentarauetan laburbildu dutela azaldu du Sailak agiri batean. Dokumentua laster onartuko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoan garapena ulertzeko aldaketa bat planteatzen du dokumentuak, “lurralde bizidunaren” kontzeptua ardatz hartuta. Horrela, “hiria, landa-eremua eta natura uztartu nahi dituzte”.

Berritasun nagusia genero ikuspegia barneratu izana da. Lurralde-plangintzan perspektiba hori lantzen duen Europako aurreneko lurraldeetako bat da Euskadi.

“Biztanleriaren beharrizanak modu kolektiboan artatu” nahi dituzte ikuspegi berriarekin, Arriolak azpimarratu duenez. Orain arte emakumeek gehienbat lagundu behar izan dute lan horretan.

Hiri trinkoa, itxi samarra, distantzia labur eta hurbilekoa da eredua; garraio publiko sistema on batekin, espazio publiko seguruekin eta erabilera nahasketa batekin”, erantsi du.

1997an onartutako agiriekin alderatuta, baliabideei eskaintzen zaien arreta da aldaketa nagusia; izan ere, “gero eta mugatuagoak dira”.

Elikagai menpekotasun handia

Zentzu horretan, EAEk duen elikagai menpekotasun handia nabarmendu dute kongresuan; izan ere, Euskadik kontsumitzen duen arrainaren % 90a ekoizten du, baina haragiaren kasuan % 20a soilik, eta gainerako produktuetan % 10a bakarrik.

Horregatik, baliabide propioak erabili eta ingurumena errespetatu nahi dituzte agintariek, baina aldi berean EAEko gizarteak bere burua aski izatea.

Bestalde, eredu berriak “azpiegitura berdeen” aldeko apustua egiten du, hirian natura sartzeko, “landa-eremuak hiria hartzeko”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza EAE Eguneko albisteak Matxismoa