Gizartea -

eguraldia

Alerta laranja elurragatik ostiralean, larunbat eguerdira arte

Barnealdean 200-400 metrora zuritu dezake. Ostiralerako, beste abisu hori bat izango da indarrean Bizkaian eta Gipuzkoan, euriteengatik.

Txindokin hasia da elur geruza igartzen. Argazkia: Begotxu Telleria, Zerainetik.
Elurra Txindokin. Argazkia: Begotxu Telleria
Elur makinak eta gatza, prest Euskal Herriko mendate eta errepidetan

1:03

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Negu gorria heldu da. Artikotik etorritako aire masa hotz bat sartu zaigu, eta horrekin batera etorriko da giro makurra. Hain justu, elurra 1.000 metrotik behera egin dezakeela eta, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du gaurko barnealdean.

Ostiralean, larunbat eguerdira arte, alerta laranjara igoko du, gainera. Egun horretan, abisu horia ezarriko dute Bizkaian eta Gipuzkoan, prezipitazio iraunkorrak izango baitira.

Euskalmeten iragarpenaren arabera, ostiralean 200-400 metrora ere bota dezake, eta 0-2 zentimetroko lodierak harrapatu. Larunbatean, berriz, elur-maila 300-400 metro inguruan egongo da, eta eguerdira arte luzatuko dute alerta laranja. Eguerditik aurrera eta eguna bukatu arte, abisu horia izango da indarrean elurragatik barnealdean.

Gaur ere, giro makurrarekin jarraituko dugu. Goizean, euri gutxiago espero da, baina, orduak igaro ahala, sarriago botako du. Elur-maila 500-700 metroan kokatuko da lehen orduetan, baina 700-800 metroan izango da gainerakoan. Hala, maila baxuan elurra egiteko arriskua bezperan baino txikiagoa izango da. Haizeak ipar-mendebaldetik joko du, bolada gogorrekin. Hotz egingo du, eta tenperatura maximoak 5-10 graduren bueltan ibiliko dira.

Ostiralean, are gordinagoa izango da giroa. Zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparrada mardulak botako ditu; gainera, tarteka trumoiak joko du, eta txingorra botako du, bereziki isurialde atlantikoan. Iragarpena aintzat hartuta, Bizkaian eta Gipuzkoan prezipitazio iraunkorrak espero direnez, abisu horia ezartzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak; izan ere, leku batzuetan metro karratuko 60 litro baino gehiago pila daitezke.

Elur-kotari dagokionez, goizaldean 500-600 metrora egongo da, baina 200-400 metrora kokatuko da gainerako orduetan. Hauek dira aurreikusitako lodierak: 20-50 zentimetro 1.000 metrora, 10-25 zentimetro 600 metrora eta 0-2 zentimetro 200 metrora. Ipar-haizea bizi ibiliko da, bolada gogorrekin kostaldean eta mendi inguruetan. Tenperatura gehiago jaitsiko da: maximoak 3-6 ºC-koak izango dira barnealdean eta 7-9 ºC-koak kostaldean. Izotza egingo du barnealdeko hainbat lekutan; handia, mendi inguruetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Alerta meteorologikoak albisteak EAE albisteak Denboraleak albisteak Eguraldia argazkiak Gizartea bideoak Elurra argazkiak Gaurko azken orduko albistea Hotz polarraren bolada