Gizartea -

Operazioa

Etxebizitzetan lapurretak egiten zituen banda bat desegin dute Gasteizen

28, 33 eta 40 urteko hiru gizon atxilotu dituzte eta epaileak dagoeneko espetxera bidali ditu. Atxilotuek aurrekariak dituzte. Ertzaintzak gutxienez bost lapurreta leporatzen dizkie.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxebizitzetan lapurretak egiten zituen talde bat desegin du Ertzaintzak Gasteizen. Hiru pertsona atxilotu ditu, eta epaileak espetxera bidali ditu jadanik. Atxilotuek aurrekariak dituzte.

Ikerketa abuztuaren erdialdera hasi zen; izan ere, lapurreten kopuruak gora egin zuen Gasteizen. Ertzaintzak zaintzarako dispositibo bat martxan jarri eta Georgiako bi gizon atxilotu zituen.

Duela egun batzuk, horietako batek hiriburuan ostatu hartzen zuenaren berri izan zuen Ertzaintzak. Horregatik, ikerketari berriz eutsi zioten, Segurtasun Sailak gaur agiri batean jakitera eman duenez.

Susmagarriak beti hirurak batera heldu eta ostatu berdinera joaten ziren. Lokalak sarrera independentea zuen, eta giltza batekin sar zitezkeen inolako kontrolik gabe.

Iragan ostiralean ertzainek zaintza eta kontrol dispositibo bat martxan jarri zuten. Zenbait etxebizitzetako atarietara sartzeko sarrailak indarrez ireki zituztela egiaztatu ondoren, 28, 33 eta 40 urteko hiru gizonak atxilotu zituzten, lapurreta delitua egotzita.

Ertzaintzak bost lapurreta leporatu die oraingoz, baina gehiago ikertzen ari dira, abuztutik azarora Gasteizen egindako beste lapurreta batzuetan parte hartu zutela uste baitu Ertzaintzak.

Atxiloketan gakorde-sorta, tresna batzuk, atarietako ateak zabaltzeko plastiko bat eta ilea mozteko makina bat atzeman diete ertzainek. Azken horrekin sarrailak bortxatzen zituzten.

Zereginen banaketa

Bakoitzak bere zeregina zuen eta teknika mota anitzekin ateak zabaltzeko gai ziren.

Batek atarietako eta etxebizitzetako ateak irekitzen zituen eta beste batek barrura sartu eta lapurreta gauzatzen zuen. Bien bitartean, kanpoaldean hirugarren gaizkile bat zain zegoen, eta mugikorren bidez etengabe harremanetan zeuden.

Taldeak oso azkar lapurtzen zuen, eta lapurreta amaituta, norabide ezberdinetan ihes egiten zuten, atxiloketa zailtzeko eta bata bestearekin ez erlazionatzeko.

Hiru atxilotuek aurrekariak dituzte. Goizean Gasteizko guardiako epaitegiaren esku geratu dira eta epailea espetxera bidali ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Delituak argazkiak Gasteiz albisteak Eguneko albisteak Lapurretak azken ordukoa