Gizartea -
Nazioarteko Egunean
Genero-indarkeriaren aurkako aldarria Euskal Herri osoan
Indarkeria matxistaren kontrako aldarrikapenari eutsi diote milaka herritarrek Euskal Herriko kaleetan, azpimarratuz biktimen egiari aitortza zor zaiola.
EITB.EUS
Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira, milaka lagun atera dira Euskal Herriko kaleetara genero-indarkeriari aurre egiteko eta biktima izan direnei elkartasun osoa adierazteko helburuz.
Euskal Herriko Koordinakunde Feministak deituta, 'Zure egia gurea eginez' lelopean manifestatu dira euskal hiriburuetan, indarkeria matxista jasan duten emakumeen kontakizuna zalantzan jartzen dutenen aurrean, biktimei sinesgarritasuna aitortzeko asmoz.
Bilbon izandako martxan argi-zuzik eraman dituzte, ibilibidea Kale Nagusian hasita, Bilboko Udaletxeraino. Milaka lagunek parte hartu dute, eta martxaren amaieran indarkeria matxistaren biktimen testigantzak irakurri dituzte.
Bilboko martxaren burua. Argazkia: EiTB
Gasteizko manifestazioa ere jendetsua izan da. Andra Mari Zuriko Plazan hasi da, eta manifestariek azpimarratu dute emakumezko biktimen testigantza beti zalantzan jartzen dela, eta haien salaketak aintzat hartu behar direla.
Donostian ehunka lagunek bat egin dute Asanblea Feministak egindako deialdiarekin. 19:00etan abiatu da martxa Donostiako Boulevardean, eta horren buruan izan dira azido-erasoak pairatu zuten Indiako hiru emakumezko (Indiako Stop Acid Attacks elkartearen laguntzarekin). 'Zure egia gurea eginez' izan da ere leloa, Iruñeko sanferminetan iaz bortxatutako neskari aipamena eginda, eta horri babes osoa helarazita.
Iruñeko manifestazioari dagokionez, lelo berdinarekin egin dute elkarretaratzea ehunka heritarrek, Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumezkoen Plataformak deituta, Gaztelu Plazatik abiatuta.
Plataforma horretako bozeramaile den Teresa Zabaleguik azpimarratu du genero-indarkeria salatzeko prozesu judiziala "oso latza" dela biktimarentzat, "jazotakoa berriro bizi behar duelako, eta behar beste babesten ez duen sistema judizial baten segurtasun eza pairatu behar duelako". "Indarkeria eta biktimak aitortzea aurreneko urratsa da", gaineratu du.
Goizeko hitzorduak
Arratsaldeko mobiliazioez gain, goizean ere elkarretaratzeak izan dira, esaterako, Ezkerraldeko talde feministek egindakoa dago. Bizkaiko Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Emakumeen Taldeek antolatuta, Barakaldotik eta Santurtzitik abiatu dira, eta Sestaon elkartu dira, Txabarri kalean, hain zuzen ere, han bizi baitzen genero-indarkeriaren azken biktima. Emakumeek "aske" izan nahi dutela, "ez ausartak" aldarrikatu dute.
Baionako mobilizazioa 11:00etan izan da, herriko etxearen parean hasi dute martxa, eta gero hiriguneko karrikak zeharkatu dituzte. Baionako eta inguruko herrietako zenbait hautetsik hartu dute parte.
'DenokZu' Donostian
Bestalde, Euskadiko instituzio publikoek, hala nola, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Donostiako Udalak, elkarretaratzea egin dute Donostiako Gipuzkoa plazan,12:00etan, emakumeenganako indarkeriaren aurkako aldarrikapenarekin bat eginda, eta 'DenokZu' lelopean.
Hainbat ordezkari politiko izan dira bertan, Markel Olano ahaldun nagusia, Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako sailburua eta Eneko Goia Donostiako alkatea, besteak beste. Genero-indarkeria pairatu duten emakumezkoei elkartasun mezua helarazi diete eta, horien omenez, bost minutuko isilunea egin dute.
Geroago, Aldundiak sustatutako 'DenokZu' kanpainaren gainean mintzatu da Olano. Horren esanetan, "herritar guztiok barneratu behar dugu indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa, eta biktima diren emakumezkoek jakin behar dute guztion babesa dutela".
Iñigo Urkullu lehendakariak ere genero-indarkeriaren aurkako konpromisoa berretsi du Twiterren:
Ekitaldiak
Bestalde, zenbait udalerritan genero-indarkeria errefusatzeko ekitaldiak prestatu dituzte. Hala gertatu da Gasteizen, hiriburuko hainbat kaletan indarkeria matxistaren kontrako horma-margo artistikoak egin baitituzte lau kale-artistek.
Astigarragan, berriz, koloreak aukeratu dituzte salaketa diferentea egiteko. Kolore askotako mataza luzeak zintzilikatu dituzte udaletxean eta kioskoan. 'Harituz' elkarteak bultzatutako ekimena izan da eta, guztira, 4 kilometrotik gorako bufanda erraldoia egitea lortu dute.
Matazak mundu osoko 40 herritatik etorritako emakumeek ehundu dituzte, helburua izanda elkarlanean genero indarkeriari ezetz esatea.
--------------------------------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.