Gizartea -
Gipuzkoa
Zarauzko balea hondartu da, baina surflari batzuek uretara eraman dute
Oraingoz, ez dute berriro begiztatu; hori albiste ona bada ere, ez dago argi zer moduz dagoen animalia.
Erredakzioa
Surflari batzuek uretara eraman dute berriro, ostiral goizean, Zarautzen, igandetik bertan igerian dabilen balea; izan ere, zetazeoa hondartu da, baina, surflarien laguntzari esker, berriro itsasoratu da. Oraingoz, ez dute begiztatu, eta hori albiste ona da; hala ere, ez dago argi zer moduz dagoen animalia, Ambar elkarteko kideek ez baitute aztertzeko aukerarik izan.
Aipatutako elkarteak EiTBri azaldu dionez, hainbat arrazoik azal lezakete zergatik hondartu den balea: "Baliteke gaixotasunen bat izatea, adineko animalia izatea, edo desorientatu izatea", nabarmendu dute. Hori bai, seinale ona da ondorengo orduetan hondartzara bueltatu ez izatea: "Igeri egiteko gai dela frogatzen du", diote. Ez dute baztertzen, nolanahi ere, berriro hondartzara gerturatzea.
Baleak bederatzi bat metroko luzera du, eta igandean agertu zen Zarautzen; bertan ibili izan da aste osoan.