Gizartea -

Topaketa Beldur Barik 2017

Gazteek indarkeria sexista errefusatuko dute Eibarren

Aurtengo edizioan 371 lan aurkeztu dituzte EAEko 62 udalerritan, horietako 275 12 eta 17 urte arteko kategorian, eta 96 18 eta 26 urte artekoan.

Beldur Barik 2017 Topaketaren kartela. Irudia: beldurbarik.org
Beldur Barik 2017 Topaketaren kartela. Irudia: beldurbarik.org
Beldur Barik 2017 Topaketaren kartela. Irudia: beldurbarik.org

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beldur Barik 2017 Topaketa Eibarren (Gipuzkoa) egingo dute abenduaren 2an, larunbat arratsaldean. Indarkeria sexista gaitzesteko urte guztian zehar gazteekin egindako lanari buru emango diote topaketan.

Aurtengo edizioan 371 lan aurkeztu dituzte EAEko 62 udalerritan, horietako 275 12 eta 17 urte arteko kategorian, eta 96 18 eta 26 urte artekoan.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eta Miguel de los Toyos Eibarko alkateak azaldu dutenez, Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketaren sari-banaketa egingo dute Topaketan. 12 eta 26 urte arteko neska eta mutilen ikus-entzunezko lanak sarituko ditu lehiaketak, “errespetu, berdintasun, askatasun eta autonomia jarrerak eta indarkeria sexistaren arbuio irmoa”, hain zuzen ere.

Beldur Barik! programa urtero egiten da gazteen artean indarkeria sexista prebenitzeko, Berdinsareak antolatuta. 2009an egin zuten aurrenekoz. Emakundek bultzatzen du, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek eta EUDELek diruarekin laguntzen dute.

Gainera, Hezkuntza Sailak, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailaren Gazteria Zuzendaritzak, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta EITBk programari babesa ematen diote.

Eztabaidak eta tailerrak

Abenduaren 2ko Beldur Barik Topaketan, eztabaidak, heziketa tailerrak eta jolas-jarduerak egingo dituzte. Tailerrak Portalean izango dira eta sari-banaketa Koliseoan.

Hiru lurraldeetatik doako autobusak aterako dira ekitaldira joateko, eta baita topaketatik bueltatzeko ere. Izena emateko aukera dago azaroaren 28ra arte hurrengo atarian: http://beldurbarik.org/eus/topaketa-formulario.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Eibar albisteak EAE albisteak Gizartea Gaurko azken ordukoa