Gizartea -
Zirkulazio istripua
Oker identifikatu zituzten Irunen auto-istripuz hildako bi frantziarrak
Daxeko beilatokian ohartu zen hildako baten familia gorpua ez zela bere senidearena, istripu berean hil zen lagunarena baizik.
agentziak | erredakzioa
Daxeko (Frantziako Estatua) Fiskaltza hilaren 12an Irunen auto-istripuz hil ziren bi frantziarren gorpuak identifikatzerakoan ustez izan zen akatsa ikertzen ari da, bi gorpuak okerreko sendiei entregatu ostean.
El Diario Vasco egunkariak zabaldu duenez, aste honetan ohartu da hanka sartzeaz hildakoetako baten familia. Izan ere, Daxen jarri zuten beilatokian zegoen gorpua ez zela euren senidearena konturatu ziren, harekin batera hil zen lagunarena zen.
Aldi berean, beste gaztearen senideek lagunaren errautsak jaso zituzten, asteazkenean Polloeko hilerrian erraustutako gorpuarenak.
Eneko Goia Donostiako alkateari gai honen inguruan galdetuta, Polloeko hilerran "akatsik ez" dutela egin eta hilerriak "ardurarik ez" duela azpimarratu du.
Goiak azaldu duenez, hilerriko arduradunekin hitz egin du gaur bertan, eta horiek esan diote gorpua "itxitako" zerraldo batean iritsi zela, "beharrezko dokumentazio guztiarekin".
Hala, Goiak uste du akatsen bat egotekotan "aurreko pausuetan" egon dela, "zerraldoa identifikazio horrekin Polloera iritsi aurretik".