Gizartea -

Azaroaren 25a

Indarkeriaren biktimek erreparatzeko duten eskubidea aldarrikatu du Jaurlaritzak

Berdintasun-politiken alde lan egiten jarraituko dutela azpimarratu du Gobernuak azaroaren 25aren harira onartutako adierazpen instituzional batean.

EITb.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indarkeria matxistaren biktimek erreparatzeko eskubidea dutela azpimarratu du gaur Eusko Jaurlaritzak, azaroaren 25a, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta.

Jaurlaritzak adierazpen instituzionala onartu du gaur gobernu bileran, eta Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak irakurri du bileraren ondotik egin ohi duen prentsaurrekoan.

Adierazpenean, bere "gaitzespen irmoa" adierazi du Jaurlaritzak indarkeria sexistaren adierazpide guztien aurrean, eta bere konpromisoa emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko.

Testuinguru horretan, aurten bereziki gogorarazi du biktimak erreparatzeko eskubidea emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean emandako erantzunean gehitzeko erronka. Jaurlaritzaren aburuz, "beharrezkoa da ahotsa eta protagonismoa ematea indarkeriaren biktima diren emakumeei zein horiek biltzen dituzten elkarteei, eta haien legitimitatea aitortzea erreparaziorako bideak proposatzeko".

 

 

Aldi berean, jakitun izanik indarkeriaren jatorria emakume eta gizonen arteko desberdintasunean dagoela, berdintasun-politiken alde egiten jarraituko duela esan du Jaurlaritzak, hori baita indarkeria prebenitzeko eta ezabatzeko bide eraginkorrena. Horrez gain, indarkeria jasan duten emakumeei babes eta arreta integrala emateko neurriak eta baliabideak antolatzen jarraituko dutela nabarmendu du Urkulluren Gobernuak.

Jaurlaritzak gogorarazi duenez, "gizarte osoaren inplikazioa funtsezkoa" da emakumeen aurkako indarkeriari heltzeko, eta bere inplikazioa berretsi du.

Azkenik, herritarrak animatu ditu emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean beren gaitzespena erakuts dezaten, azaroaren 25erako hainbat herri eta hiritan deitu diren mobilizazioetan parte hartuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Eusko Jaurlaritza albisteak Gizartea albisteak Indarkeria matxista Eguneko albisteak