Gizartea -
Osasuna
Minbizia gaixotasun 'berria' dela ondorioztatu dute zientzialariek
Ikertzaileek uste dute kutsadura eta dietan eta bizimoduan izan diren aldaketak izan litezkeela gaixotasunaren sorkuntzaren kausak.
Erredakzioa
Minbizia gaixotasun berri samarra da. Izan ere, Egiptoko eta Hegoamerikako momietan ez dute atzeman.
Antzinaroko mila momia inguru aztertu eta gero, Manchesterreko (Ingalaterra) Unibertsitateko ikertzaile batzuek hori ondorioztatu dute, Nature Reviews Cancer aldizkarian azaldu dutenez.
Rosalie David egiptologo biomedikuak zehaztu duenez, "gizarte industrializatuetan minbizia bigarren heriotza-eragilea bada ere, Antzinaroan oso gaixotasun arraroa zen".
"Ingurumen naturalean ez du ezerk eragiten minbizia. Beraz, kutsadura eta dietan eta bizimoduan izan diren aldaketak izan litezke kausak", esan du Davidek.
Davidek eta Michael Zimmermann zientzialariak minbizi arrastoak bilatu dituzte Antzinaroko 3.000 momiatan, baina bostetan baino ez dute topatu tumore bat. Bostak onberak, gainera.
Minbiziari buruzko lehen deskribapenak XVII. mendeko idatzietan agertu ziren.