Gizartea -

Gerra Zibila El Salvadorren

Ignacio Ellacuriaren ustezko hiltzailea Espainiaratuko du AEBko Justiziak

Edozein momentutan bidaliko dute Inocente Montano Defentsa ministro eta koronel ohia, AEBko Auzitegi Gorenak hartutako erabakia irmoa baita.

Jesuitaren artxiboko argazkia. Iturria: EiTB
Ignacio Ellacuria jesuitaren artxiboko argazkia. Iturria: EiTB
Ignacio Ellacuriaren ustezko hiltzailea Espainiaratuko du AEBko Justiziak

1:33

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBko Auzitegi Gorenak baimendu egin du Inocente Montano El Salvadorreko Defentsa ministro eta koronel ohia Espainiara estraditatzea, bost jesuita hiltzea egotzita, tartean Ignacio Ellacuria, El Salvadorreko Gerra Zibilean (1980-1992).

Auzitegi Gorenaren bozeramale batek Eferi adierazi dionez, John Roberts gortearen presidenteak babestu du Montero Espainiaratzea, defentsaren helegite bat ukatuta. Montanok estradizioa eteten saiatu da, 2016an Ipar Karolinako epaile batek oniritzia eman ostean.

Edozein momentuta gertatu liteke Espainiara bidaltzea, AEBko Auzitegi Goreneko erabakia irmoa delako, hau da, ez dute helegiterik aurkeztu eta, gainera, Estatu Departamentuak Montano Espainiaratzeko agindua sinatu du dagoeneko, AEBko diplomaziaren iturri batek Eferi azaldu dionaren arabera.

Montanok 74 urte ditu eta 1989ko azaroaren 19an egindako sarraskia agintzea leporatu diote. Egun horretan, El Salvadorreko soldadu batzuek Ignacio Ellacuria Portugaleteko jesuita, Unibertsitate Zentroamerikarraren (UCA) errektore eta Liberazioaren Teologiaren sortzailea hil zuten, baita beste zazpi pertsona ere.

Orduan, "heriotzaren eskuadroi" bat jesuiten Unibertsitateko Artzai Zentroan sartu zen, han zeudenak lorategira irtenarazi zituzten eta ahoz behera jartzea agindu zieten. Biharamunean, hilik topatu zituzten, gorputzean hainbat tiro zituztela.

Espainiako beste bost apaizak Armando Lopez, Juan Ramon Moreno, Segundo Montes eta Ignacio Martin Baro ziren. Joaquin Lopez salvadortarra ere hil zuten.

Era berean, Elba Julia Ramos sukaldaria eta Celina 16 urteko alaba ere hil ziren sarraskian.

Hilabete honen hasieran, Donald Trumpen Gobernuak estradizioa onartzeko deia egin zien epaileei, eta 2011an Eloy Velascok emandako atxilotze aginduari "atzerapenik gabe" erantzutea eskatu zuen.

Montanok bi urte eta gehiago eman ditu estradizioaren gainean behin betiko erabakia jaso arte, Ipar Karolinako espetxe batean. Kartzela horretan 21 hilabeteko zigorra bete zuen erresidentzia baimenaren gainean gezurra esateagatik, El Salvadorrera ez itzultzearren, sarraskiagatik erantzun beharko zuelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Munduko albisteak 2024 Justizia Unibertsala bideoak Epaiketak albisteak Gizartea Gaurko azken ordukoa Latinoamerikako albisteak Giza hilketak Ellacuria, epaiketa