Gizartea -
Trafikoa
Donostiako Federico Garcia Lorca kaleko radarra, martxan
Ezarritako abiadura gaindituz gero, 100 eta 600 euro arteko isunak jarriko dituzte, karneteko hainbat puntu galtzeaz gain. Zigorrak arau-haustearen araberakoa izango da.
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako Federico Garcia Lorca kaleko radarra asterte honetan ipini dute martxan, azken hilabetean egindako neurketak eta probak amaitu ostean.
Radar berria hiriko kale nagusienetako batean dago jarrita. Bi errei ditu noranzko bakoitzeko, eta onartutako gehienezko abiadura 50 km/h-koa da.
Loiolako Erriberak auzoan dagoen radarrarekin batera egongo da martxan, txandaka, Donostiako Udalak ohar batean azaldu duenaren arabera.
Pilar Arana Mugikortasun eta Garraio zinegotziak argitu duenez, "errei anitzeko" radarra izanik, "ibilgailu guztien abiadura neurtzeko gai da, nahiz eta parean joan, baita gauez ere".
Abiaduraren, trafiko bolumenaren eta trafiko gehien dagoen ordutegien inguruko ikerketa baten emaitzak aztertu ondoren jarri dute radarra. Txosten horren esanetan, "ibilgailuen erdia baino gehiago onartutako abiadura baino azkarrago ibiltzen dira toki horretan".
Bizilagunen erreklamazioak artatu eta gero, disuasio efektua izateko jarri dutela azaldu dute Udaleko arduradunek. Ezarritako abiadura gaindituz gero, 100 eta 600 euro arteko isunak jarriko dituzte, karneteko hainbat puntu galtzeaz gain. Zigorrak arau-haustearen araberakoa izango da.