Gizartea -
Bizkarrezur-muineko lesioak
Zelula ama enbrionarioekin lehen pazientea tratatu dute AEBetan
Gaixoa Atlantako (Georgia) Shepherd Center zentroan tratatu dute. Zelulen erabilera segurua den aztertu eta pazienteen tolerantzia ebaluatuko du azterketaren lehen faseak.
Erredakzioa
Zelula ama enbrionarioekin tratatuko duten lehen pazientea artatu dute AEBetan. Aurreneko proba klinikoa egiteko baimena eman du Botiken eta Elikagaien Administrazioak (FDA), Geron biofarmazeutikak jakitera eman duenez.
Gaixoa Atlantako (Georgia) Shepherd Center zentroan tratatu dute. Bizkarrezur-muineko eta garun-lesioak dituzten lagunentzako ikerketa eta birgaitze-zentroa da eta Atlantan (Georgia) du egoitza.
Ikerketaren lehen faseko xede nagusiak zelula ama enbrionarioen erabilera segurua den aztertzea eta pazienteen tolerantzia ebaluatzea izango dira.
Azterketan parte hartzen ari diren pazienteek bizkarrezur-muineko lesio egin berriak dituzte, eta zelulen txertoak kaltea izan eta 14 eguneko epearen barruan jaso behar dituzte.
Proba klinikoetan pazienteak tratatuko dituzten zazpi zentro posibleetako bat da Shepherd, Geronek azaldu duenez. Chicagoko (Illinois) Northwestern Medicine zentroan ere parte har dezakete pazienteek.
Gizakietan bizkarrezur-muineko lesioak zelula amekin tratatzeko lehen proba 2009ko urtarrilaren 23an baimendu zuen AEBetako Gobernuak.
Ziurgabetasuna
Zelula ama enbrionarioen ikerkuntza ordaintzeko fondo publikoen erabilera zalantzan dagoen unean egin dute iragarpena.
Giza enbrioien deuseztatzea suposatzen zutelako ikerketa mota horiek bertan behera uztea erabaki zuen epaile federal batek abuztuan. Baina magistratuaren erabakia baliogabetu zuen Washingtoneko Gorte Federalak irailean, Barack Obamaren Gobernuak helegitea aurkeztu ostean.