Gizartea -
Gobernu Kontseilua
Kirol Legeak hezkuntza arautua eskatuko die monitoreei
Zupiriak gogorarazi duenez, Euskadin 20.000 pertsona inguru ari dira lanean Soin Hezkuntzako irakasle, monitore, entrenatzaile eta kirol zuzendari bezala.
Agentziak | Erredakzioa
Kirol Legearen proiektua onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak. Horrela, monitoreei eta entrenatzaileei hezkuntza “arautua” eskatuko diete kirol jarduerak zuzentzeko, baita erregistro batean izena ematea ere.
Eusko Legebiltzarrera aste honetan bidaliko duen testua onartu du gaur Gobernu Kontseiluak, “lehenbailehen” aurrera ateratzeko helburuarekin, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak prentsaurrekoan jakitera eman duenez.
Iragan legealdiaren amaieran Jaurlaritzak lege-proiektua onartu zuen, baina testuak ez zuen ibilbide parlamentarioa bukatu EAEn hauteskundeak deitu zituztelako. Orain testua “aldaketa txiki” batzuekin berriro aurkeztu dute.
20.000 pertsona
Sailburuak gogorarazi duenez, Euskadin 20.000 pertsona inguru ari dira lanean Soin Hezkuntzako irakasle, monitore, entrenatzaile eta kirol zuzendari bezala. Horregatik, lau esparru horietan araudi bat beharrezkoa dela uste du Zupiriak, kirola egiten duten pertsonen segurtasuna eta osasuna bermatzeko.
Horrela, lan egiteko “goi mailako titulua ezinbestekoa izango ez” dela aurreikusten du proiektuak, Soin Hezkuntzako irakasleen kasuan salbu. Hala ere, kualifikazio profesionala egiaztatzea beharrezkoa izango da titulu akademikoen bidez.
Jarduera mota bakoitzarentzako oinarrizko titulu batzuk ezarriko direla azaldu du sailburuak. Bestalde, araudia onartzen denean, profesional guztiek erregistro publiko batean izena eman beharko dute.
Euskara
Testu berriak genero perspektiba eta euskararen presentzia bermatu nahi ditu. Zentzu horretan, euskara jakiteko eskakizuna ezartzeaz ari ez direla zehaztu du Zupiriak, kirolariek hala eskatzen baldin badute zerbitzua hizkuntza horretan eskaintzea bermatzeaz baizik. Era berean, kirol klubek informazioa euskaraz eman beharko dute.
Zupiriak azaldu duenez, boluntarioek gutxieneko trebakuntza bat izan beharko dute lehen laguntzan. Profesionalek 2021eko urtarrilaren 1era arte izango dute baldintzak betetzeko, eta boluntarioek urtebete gehiago.