Gizartea -

Autobus-geltokia

Indarrean daude Bilboko Termibus berriak eragindako zirkulazio-neurriak

Gidariek asteazken gauetik kontuan izan beharko dituzten aldaketa guztiek 2018ko martxora arte iraungo dute, gutxienez; lanak 2019ko apirilean amaituko dira.

Termibusen inguruan, zenbait aldaketa izan beharko dituzte kontuan gidariek. Argazkia: EiTB.
Termibusen inguruan, zenbait aldaketa izan beharko dituzte kontuan gidariek. Argazkia: EiTB.
Aldaketak oinezkoentzat eta gidarientzat Termibus inguruan

1:34

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Termibus autobus-geltoki berriak hainbat aldaketa eragingo ditu zirkulazioan. Dagoeneko indarrean daude Udalak prestatutako aldaketa horiek guztiak, eta gutxienez 2018ko martxora arte iraungo dute. Lanak, aurreikuspenen arabera, 2019ko apirilean amaituko dira.

Lursaila hondeatzeko lanak amaitutakoan, garraio anitzen geltokia egiteari ekingo diote. Tranbiak, aldirietako trenek, Bizkaibusek, Bilbobusek, Bilboko Metroak, taxiek eta ibilbide luzeko autobusek egingo dute bat bertan; hortaz, asteazken iluntzetik, 21:30etik, oinezkoen eta gidarien segurtasuna bermatzeko asmoz, hainbat aldaketa egin dituzte zirkulazioan inguru horretan.

Perez Galdos kaleko bi zirkulazio-errei desagertu dira, eta ibilgailuek beste bi erreietatik ibili beharko dute.

Sabino Arana eta Luis Briñas kaleetako espaloietan, moldaketak

Kamioiek zirkulazioa ez dutela kolapsatzen bermatzeko, Sabino Arana kalean moldaketa bat egin da; hala, kamioiek bira emateko aukera izango dute, ezohiko kasuetan. Kamioiek Perez Galdosetik egingo dute aurrera, Sabino Aranaraino, eta azken kale horretatik irtengo dira Bilbotik.

Luis Briñas kaleko espaloiak ere birmoldatu dituzte; lan horien ondorioz, horietako bat ezingo da erabili, eta bestea egokitu dute, oinezkoen joan-etorria bermatzeko.

Eragin horiek guztiak gutxienez hiru hilabetean izango dira indarrean, eta, ondoren, Udalaren aurreikuspenen arabera, kamioiek Gurtubay kaletik sartu eta irteteko aukera izango dute. Hain zuzen ere, puntu horretatik ibiliko dira autobusak, geltokiaren lanak bukatutakoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo berriak Bizkaiko albisteak Metro Bilbao gertakaria Gizartea albisteak Bilbo erdialdea Bizkaibus berriak Gaurko azken orduko albistea Bizkaibusen lineak