Gizartea -
gipuzkoa
Ertzaintzak ez du indarkeria matxista baztertzen Irungo emakumearen kasuan
Gazteak (25 urte) ospitalean jarraitzen du, konorterik gabe topatu ostean, eskuak eta oinak lotuta zituela. Gaur arratsaldean bilkura deitu dute Irunen.
agentziak | erredakzioa
Ertzaintzako ikertzaileek koma egoeran, eta eskuak zein oinak lotuta zituela, topatutako emakumearen gertaera ikertzen jarraitzen du, Segurtasun Sailak gaur, osteguna, baieztatu duenez. Emakumea Irungo (Gipuzkoa) ezponda batean aurkitu zuten.
Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gaur adierazi duenez, Ertzaintzak ikerketa lerro guztiak zabalik ditu, indarkeria matxistarena barne. "Ertzaintzak ez du ikerketa lerro bakar bat ere baztertzen, baina oraingoz ez dago informazio gehigarririk", azaldu du. Beltran de Herediak azpimarratu duenez, oraindik ez diote biktimari deklarazioa hartu eta "emakumeak informazioa eman arte itxaron beharko da".
Segurtasun Saileko iturrien arabera, gazteak (25 urte) Donostiako Ospitalean jarraitzen du. Iturri horren esanetan, emakumeak hobera egiten jarraitzen du eta gaur goizean konortea berreskuratu du.
Neska herri horretako bizilaguna da, eta bere etxea aurkitu zuten lekutik gertu dago.
Emakumea bere ahizparekin bizi da, Mendibileko Parketik hurbil. Ikertzaileek uste dute bere etxebizitzaren ondoan dagoen ezpondatik behera bota zutela.
Biktima astearteko 10:30ean aurkitu zuten, aipatutako ezponda horretan dauden zuhaixka eta sasien artean. Aldapa hori Mendibileko Parkearen eta N-636 errepidearen artean dago.
Gazteak ahoa estalita zeukan, eta oinak zein eskuak lotuta. Suhiltzaile talde batek erreskatatu zuen, heltzeko zaila den leku batean baitzegoen.
Handik atera eta gero, anbulantzia batek Donostiako Ospitalera eraman zuen, koma egoeran.
Ertzaintzak ikerketarekin jarraitzen du nork edo nortzuk eraso zioten (eta ondoren abandonatu zuten) argitzeko. Osakidetzak, bestalde, ez du haren egoeraren berri eman nahi izan.
Irungo Udalak protesta egiteko bilkura deitu du, gaur 19:00etan, Zabalgune Plazan.