Gizartea -

2010eko Nobel sariak

Errusiako bi zientzialarik lortu dute Fisikaren Nobel saria

Hain zuzen ere, Andre Geim eta Konstantin Novoselov saritu dituzte, grafenoaren inguruan egindako aurkikuntzak direla eta.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andre Geim eta Konstantin Novoselov ikertzaile errusiarrek irabazi dute 2010eko Fisikaren Nobel saria, grafeno bi dimentsioko materialari buruz egindako aurkikuntzak direla eta, Zientzien Akademia Suediarrak iragarri duenez.

Geimen (51 urtekoa) eta Novoseloven (36koa) ikerketei esker, aurrerapen garrantzitsuak egin daitezke fisika kuantikoaren alorrean. Gainera, hainbat aplikazio dituzte, elektronikaren sektorean batik bat.

Adituen ustez, grafenoz egindako transistoreak egungoak (siliziozkoak) baino askoz bizkorragoak izango dira, eta horrenbestez, ordenagailu hobeak egin ahal izango dituzte.

Grafenoa material laua da, atomo bateko lodiera baino ez dauka, eta erleen panelen antzera antolatuta dauden karbono atomo batzuez eginda dago. Material eroalea da eta, elastikotasun handia badu ere, hauskaitza da. Munduko material gogorrena, antza.

Halaber, erreakzio kimikoak izan ditzake beste gai batzuekin, eta ondorioz, erabilera ugari ditu.

Atzo Medikuntzaren Nobel sariaren irabazlea jakinarazi zuten. Robert G. Edwards zientzialari britainiarrari eman zioten, in vitro ernalketaren arloan egindako ikerketengatik.

Bihar Kimikaren Nobel sariaren irabazlea iragarriko dute, etzi Literaturarena, ostiralean Bakearena eta, azkenik, astelehenean Ekonomiarena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea