Gizartea -
Gertaera
Bi pertsona hil dira Galizian piztutako suteetako batean
17 sute daude aktibo Galizian: bat Coruñan, sei Lugon, bost Ourensen eta beste bost Pontevedran.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez bi pertsona hil dira furgoneta batean harrapatuta geratu ostean, Nigranen piztutako suteen ondorioz, Pontevedran, Udalak jakitera eman dutenez.
Camos eta Chandebrito parrokiak lotzen dituen errepidean gertatu da, iturri horren arabera.
Raquel Giraldez Nigran udalerriko alkateordearen hitzetan, 21:00ak aldera jakin dute sugarren artean norbait harrapatuta egon zitekeela.
Larrialdi zerbitzuak bertaratu direnean, ibilgailua su hartuta eta barruan bi gorpu zeudela ikusi dute. Oraindik ez dituzte hildakoak identifikatu.
Giraldezen esanetan, arriskuan dauden etxebizitzetatik atera diren herritar gehienak senideen etxeetan geratu dira, baina inguruko hotelak kaltetuen esku jarri dituzte gaua bertan eman ahal izateko.
17 sute daude aktibo oraindik
Landa Inguruneko Kontseilaritzak igandeko honetan jakitera eman duenez, 17 sute daude aktibo oraindik Galizian: bat Coruñan, sei Lugon, bost Ourensen eta beste bost Pontevedran.