Gizartea -

genero indarkeria

Hiru emakumeri eraso diete Gasteizen, Zallan eta Bilbon

Osasun arreta jaso behar izan dute hiru emakumeek. Erasotzaileak atxilotu egin dituzte.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru emakumeri eraso diete azken 24 orduetan EAEn, hain zuzen, Gasteizen, Zallan (Bizkaia) eta Bilbon. Hori dela eta, Ertzaintzak hiru gizon atxilotu ditu genero indarkeriako delitu bana egotzita. Osasun arreta jaso behar izan dute hiru emakumeek, Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Lehenik, Ertzaintzak 28 urteko gizon bat bi aldiz atxilotu zuen igandean Gasteizen, bikotekidea jotzeagatik. Lehen atxiloketa goizaldean izan zen. Gizonak aurpegian jo zuen emakumea, eta leihotik behera jaurti zituen haren arropak eta gauzak. Gainera, aurre egin zien bertara joan ziren agenteei. Hori guztia dela eta, atxilotu egin zuten, genero indarkeriako delitu bat eta agintaritzaren agenteen aurkako beste bat egotzita. Igande arratsaldean, Ertzaintzaren agenteek Gasteizko etxebizitza berera jo behar izan zuyen, gizonak berriro jo baitzuen emakumea. Biktima Txagorritxuko Ospitalean artatu behar izan zuten, zauriak sendatzeko. Bestalde, igande goizaldean, Ertzaintzak 49 urteko gizon bat atxilotu zuen Zallan (Bizkaia), bikotekide ohiari eta haren egungo bikotekideari lesioak eragitea leporatuta. Dirudienez, erasotzaileak emakumearen egungo bikotekidea mehatxatu zuen, eta aldean zeraman arma zuria kentzeko borrokan ari zirela, ebakiak egin zizkien emakumeari eta bikotekideari. Biktimak osasun zentro batean artatu behar izan zituzten, eta erasotzailea atxilotu egin zuten, genero indarkeria, urruntze agindua urratzea eta lesioak egitea egotzita. Azkenik, igande iluntzean, 23:30 aldera, gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Bilbon, bikotekidea jo zuelakoan. Erasoa ostalaritza establezimendu baten kanpoaldean gertatu omen zen, bi urteko neskato baten aurrean. Erasotzaileak zauria egin zion biktimari ezpain batean, eta osasun zentro batean artatu behar izan zuten. Ertzainek erasotzailea atxilotu, eta ertzain-etxera eraman zuten.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Tratu txarrak Espainian Delituak bideoak Gasteiz albisteak Gaurko azken ordukoa Zalla azken ordukoa