Gizartea -

Antolaketa

Lesaka prest, 2017ko Nafarroa Oinez hartzeko

Urriaren 15ean ospatuko da, Lesakan, Nafarroako ikastolen aldeko 2017ko Nafarroa Oinez jaia.

2017ko Nafarroa Oinezen aurkezpena.
2017ko Nafarroa Oinezen aurkezpena.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako ikastolen aldeko jaialdiaren antolaketa prest dago. Lesakak milaka lagun hartuko ditu urriaren 15ean, 2017ko Nafarroa Oinez jaian.

3'5 kilometroko ibilbide "erraza eta atsegina" prestatu dute, Lesakako industria-gunetik zein baserrietatik zehar igaroko dena.

Jaialdia Bikin bat in lelopean ospatuko dute eta lau gune izango ditu, adin guztientzako programazioarekin, antolatzaileek gaur egindako aurkezpenean jakitera eman dutenez.

Bestalde, igandean lortutako diruarekin Tantirumairu ikastolan eraikin berria eraikiko dute eta, aldi berean, zaharrari bestelako erabilpena emango diote. Tantirumairu ikastolak 1974. urtean zabaldu zituen bere ateak, zazpi ikaslerekin. 1988an bere lehen Nafarroa Oinez antolatu zuen eta horrekin lortu zuen gaur egungo eraikina konpontzea; baina, orain, erakin hori txiki gelditu izan zaie egungo ehun ikasleen premiei erantzuteko.

Festa goizeko hamarretan hasiko da, ehun gonbidatu inguru hartuko duen ekitaldi ofizial batekin. Ordu horretan ere gune ezberdinetako programazioa martxan jarriko da.

Berrikuntzen artean, zeliakoentzako bazkaria eskainiko dute aurten lehendabizikoz, eta bestalde, zigarro-mutxikinak botatzeko edukiontzi bereziak izango dira lau guneetan.

Antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute; hala ere, Lesakako inguruetan zein alboko herrietan ere aparkalekuak ipiniko dituztela ohartarazi dute. Aparkaleku horietatik autobusak aterako dira Lesakara.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Nafarroa Oinez albisteak Gizartea bideoak Gaurko azken orduko albistea