Gizartea -

Epaiketa Estatu Batuetan

Kanpaina bat abiarazi dute Pablo Ibarren defentsarako 350.000 euro biltzeko

Pablo Ibarren Heriotza Zigorraren aurkako Elkarteak presoa defendatzeko jarritako 1.100.000 euroko aurrekontua betetzea du helburu.

Artxiboko irudia: EFE
Pablo Ibar
Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Ibarren Heriotza Zigorraren aurkako Elkarteak beste kanpaina bat abiarazi du, 350.000 euro biltzeko, AEBko epaitegietan euskal jatorriko presoaren defentsa ordaintzeko aurrekontua (1.100.000 euro) osatzeko.

Prentsa ohar batean, elkarteak jakinarazi du defentsarako aurrekontua 1.300.000 dolarrekoa dela (1.100.000 euro inguru), eta horren % 60 badutela, baina oraindik beste 350.000 falta zaizkiela defentsa judiziala ordaintzeko.

Horregatik, Pablo Ibarren Heriotza-Zigorraren aurkako Elkarteak diru-bilketa kanpaina jarri du martxan ostegun honetan, eta horretan lagundu nahi dietenei mugikorrarekin grabatzeko eta gainerakoei gauza bera egitera animatzeko eskatu die.

Elkartean webgunean jarri dute grabazioetan zabaldu daitezkeen mezuei buruzko informazioa, eta hori guztia sare sozialetan ere jartzea eskatu dute.

Kanpaina honen barruan, urriaren 10ean, Heriotza Zigorraren kontrako Egunean, Carlos Peña igerilariak 24 orduz Donostiako Kontxako badia eta Urumea ibaia zeharkatuko ditu igerian, Pablo Ibarri babesa erakusteko.

Ibarri heriotza-zigorra jarri zioten 2000. urtean, 1944an izandako hilketa hirukoitz bat egitea leporatuta, "errugabea zela erakusteko froga nabarmenak zituela", defentsak azaldu duenez.

2016ko otsailaren 4an, Floridako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen heriotza-zigorra, epaiketan Ibarrek ez zuelako defentsa eraginkorra izan eta zigorra jartzeko frogak "eskasak" eta "ahulak" zirelako, horren esanetan.

Ondorioz, berriro epaitu behar dute. Defentsak jakitera eman duenez, epaiketa 2018ko martxoaren 5ean hastea aurreikusita dago, eta sei hilabete iraungo du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak Pablo Ibar bideoak Epaiketak argazkiak Gizartea bideoak Gaurko azken ordukoa