Gizartea -

'Lekaixoka' lelopean

Lekaixoka, euskararen alde

Oñatiko Txantxiku Ikastolak aurtengo edizioa antolatu du, historian bigarrenez.

Kilometroak 2017ren aurkezpena. Argazkia: EiTB
Kilometroak 2017ren aurkezpena. Argazkia: EiTB
Kilometroak 2017ren aurkezpena. Argazkia: EiTB

E.L. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Festarako eta auzolanerako deia egin duten lekaixoak, Kilometroak 2017ren hasiera ekitaldiko ardatz. Aurreskua abestuaz ekin diote Andoni Egaña eta Nere Gil aurkezleek Oñatiko Foruen Enparantzan egin den Kilometroak 2017ren hasiera ekitaldiari. Bertaratutako agintari, ordezkari eta herritarrei ongi-etorria eta eskerrak eman ostean, Gipuzkoako Ikastolen festa handiaren 41. edizioaren helburu nagusiak azaldu dituzte, orain urtebete Bergarako Aranzadi Ikastolaren lekukoa hartzean finkatu zirenak eta ordutik uneoro landu direnak: auzolana; irekia izatea; parekidetasuna eta aniztasuna; mundu modernoaren eta aurrerakoiaren parte izatea; eta ikuspegi jasangarria barne hartzea. Bigarrenez, Oñatiko Txantxiku Ikastolarena izan da aurten, Kilometroak 2017 antolatzeko ardura.

Lekaixoka da aurtengo Kilometroak jaiaren leloa, Oñatin irrintzika esan gura duen hitza, eta irrintziek protagonismo handia izan dute ekitaldian, festara batzeko eta elkarlanean aritzeko deia zabalduz. Eta hain zuzen ere, irrintziek batutako gizarteko hainbat esparru ordezkatu dituzten herritarrek hartu dute parte ohiko zinta-mozketa ordezkatu duen ekitaldian: horma bateko kuboak kendu ostean, Kilometroak 2017 Lekaixoka Oñati zioen mezua osatu dute. Hasiera ekitaldian ikastolako ikasleek ere izan dute euren lekua, aurtengo abestiaren koreografia dantzatu dute eta, ta abesti beraren lehen notak kantatuz amaitu dute aurkezleek ekitaldia.

Guztira, 1.600 boluntario inguru daude lanean. Txantxiku Ikastolak bost kilometro inguruko zirkuitua antolatu du, 1989an Oñatin egin zen Kilometroak jaiaren ibilbidearen oso antzekoa, hain zuzen ere.

Zirkuituak lau gune nagusi lotzen ditu. Plazakoa izango da lehenengoa eta handiena. Zirkuituak bi sarrera soilik izango ditu, biak ala biak plazako gune nagusira. Bata kiroldegi parean egokituko da, bigarrena Sietevientos edo Zazpibidietako bidegurutzean.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Kilometroak Gipuzkoako albisteak Gizartea Oñati albisteak Albisteak Jaiak