Gizartea -
Ospitalea
Gurutzetako jaioberrien arloko langile bat, tuberkulosiak jota
Osakidetzak Euskadiko Tuberkulosi Programan aurreikusitako protokoloa martxan jarri du.
Agentziak | Erredakzioa
Biriketako tuberkulosi kasu bat antzeman dute Gurutzetako ospitaleko (Bizkaia) osasun-langile batean. Kutsatutako beharginak zentroko jaioberrien arloan lan egiten du.
Osakidetzak Euskadiko Tuberkulosi Programan aurreikusitako protokoloa martxan jarri du, erakundeak agiri batean jakitera eman duenez.
Programari jarraituz, protokoloan jasotako prebentzio neurriak martxan jarri dituzte. Datozen egunetan, ospitaleko pazienteak eta osasun-langileak deituko dituzte, euren osasun egoera aztertzeko.
Horrela, lehenengo jaioberrien gurasoak deituko dituzte, baita umetxo horien pediatrak ere, eta gainera, telefono bat emango diete, zalantza guztiak argitzeko.
Bestalde, ospitaleko Segurtasun eta Osasun Batzordea deituko du Prebentzio Zerbitzuak, zentroko langileei informazio guztia emateko. Era berean, gaixoarekin izan diren lankideei azterketak egingo dizkiete.
Urtero 170 kasu berri Bizkaian
Tuberkulosia oraindik desagertu ez den gaixotasuna dela gogorarazi du Osakidetzak. Hala, Bizkaian 170 kasu berri inguru ematen dira urtero. Eritasuna tratamendu egokiarekin guztiz sendatzen dela erantsi du.
Arnasbideetatik kutsatzen da, hitz edo eztul egiterakoan, eta orokorrean, eritasuna kutsatzeko gaixoarekin bizitzea beharrezkoa da.
Tuberkulosiaren baziloa ez da inguruneko baldintzetara egokitzen, ondorioz, ez da zentroa garbitu behar eta ospitaleak normaltasunez lanean jarraitu ahal du.