Gizartea -

Zazpi urte

Aramaioko alkatea inhabilitatu dute AHTren galdeketa egiteagatik

Aramaioko alkateak (ANV) bizilagunek AHTri buruz zuten iritzia ezagutzeko erreferendum bat deitu zuela uste du epaileak, baina "baldintzarik bete gabe".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asier Agirre (ANV) Aramaioko (Araba) alkateari datozen zazpi urteetan kargu publiko batean lan egitea debekatu diote, prebarikazio administratibo delitu bat egotzita. 2007an Abiadura Handiko Trenari (AHT) buruz erreferendum bat egiteagatik auzipetu zuten.

Hala ere, Gasteizko epaitegi batek emandako epaia ez da irmoa. Arabako Probintzia Auzitegian apelazio-errekurtso bat aurkeztuko duela iragarri du Agirrrek dagoeneko.

Aramaioko alkateak bizilagunek AHTri buruz zuten iritzia ezagutzeko erreferendum bat deitu zuela uste du Elena Cabrera epaileak, baina "galdeketak egiteko Ordenamendu Juridikoak ezartzen dituen baldintzak bete gabe".

Kontsulta 2007ko irailaren 28, 29 eta 30ean egin zuten, auzo-alkateen hauteskundeekin batera. Horretarako "Udaleko baliabideak erabili zituen, beharrezkoak zirelako", magistratuaren arabera.

Galdeketan 673 bizilagunek parte hartu zuten, nahiz eta 1.280 biztanlek bozkatzeko eskubidea izan. 654 boto-emailek AHTren egitasmoa arbuiatu zuten, aldeko 10 boto izan ziren, eta 9 herritar abstenitu ziren.

"Kontsultaren emaitza udaletxeko atean itsatsi zuten Aramaioko Udalaren agiri bat erabiliz", esan du magistratuak. Alkateak Espainiako Gobernuko Ordezkaritzari AHTren galdeketaren berri eman ez ziola uste du epaileak, "auzitegietan kontra egitea saihesteko".

Hala ere, auzipetua desobedientzia delitu batengatik absolbitu du epaileak. Izan ere, "inkesta" bertan behera uzteko agindua eman zuen Gasteizko epaitegi batek, baina Agirrek erabaki horren berri ez izatea posibletzat jo du epaileak, nahiz eta "komunikabideen bidez zabaldu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea