Gizartea -
2018ra arte
Arrantza-ontzi batek 50 tona zabor bilduko ditu Gipuzkoako kostaldean
Ontzia Pasaiako portutik abiatu da gaur. 2017an, 70 egun emango ditu lanean, eta 100 egun emango ditu 2018an.
Agentziak | Erredakzioa
Itsasoan zaborra biltzeko egokitu duten arrantza-ontzi batek Gipuzkoako kostaldean 50 bat tona zarama biltzea espero dute, gaur hasi eta 2018ra arte bitartean. Ontzia Pasaiako portutik abiatu da, 'Life Lema' egitasmoaren barnean.
Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak goraipatu duenez, lan honi esker “Gipuzkoako kostaldearen errealitatea” ezagutuko dute.
'Life Lema' egitasmoa Gipuzkoako Aldundiaren Ingurumen Departamentuak zuzentzen du, Biarritzeko Udala, RPT, Sufrider eta AZTI zentroarekin batera.
Ontzia Pasaiako portutik abiatu da gaur. 2017an, 70 egun emango ditu lanean, eta 100 egun emango ditu 2018an, foru diputatuaren esanetan. 50 bat tona zabor biltzea espero dute. Gainera, zarama gehien pilatzen den tokietako “benetako datuak” jaso nahi dituzte.
Ontziak hiru bat metroko sare batekin egingo du lan. Sareak altzairu herdoilgaitzeko marko angeluzuzena du. Horrela, horren % 50 ur gainean geratzen da, zaborra biltzen joateko.
Bildutako zarama guztia AZTIk Pasaiako portuan dituen instalazioetara eramango dute, bertan kudeatzeko.
Tokian tokiko agintariei itsasoko zaborra modu eraginkorrean kudeatzeko tresnak eta zuzentarauak ematea du helburu proiektuak, baita Bizkaiko golkoaren hego-ekialdean zaramaren presentzia aurreikusi ere.