Gizartea -

Eusko Jaurlaritzaren ikerketa

Euskal gazteek 7,6ko nota jarri diote euren egoera pertsonalari

2016ko nota aurreko urtekoa bezain altua da, onena 2000tik; urte hartan hasi zen egiten ikerketa hau.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal gazteek 7,6ko nota jartzen diote euren egoera pertsonalari (0tik 10erako baremoan); hala dio Enplegua eta Gizarte Politiken Saileko Gazteen Euskal Behatokiaren ikerketa bat. Mutilek zein neskek nota bera jartzen diote euren egoerari; 2000. urtean hasi zen egiten ikerketa hau, eta historiako notarik altuena da, 2015ekoa errepikatuta.

15-29 urte bitarteko EAEko bizilagunek hobeto baloratzen dute euren egoera pertsonala 18 urtetik gorako herritar guztiek baino; gazte gehienak, gainera, baikorrak dira etorkizunaren gainean, ikerketak zehazten duenez.

Gazteek eurek ere nabaritzen dute hobekuntza hori; hala, 2016an, Aurrera Begira serieko azken datuei begiratuta, 15-29 urte bitarteko gazteen % 56,5ek uste dute euren egoerak hobera jo duela azken bost urteotan. Gazteen % 31,6k uste dute berdin dagoela, eta % 10,8ren ustez okerrera egin du.

Ander Añibarro Enplegu eta Gizarte Politiken Saileko Gazteen zuzendariak zehaztu duenez, emakumeek gizonek baino gehiago uste dute euren egoera pertsonalak hobera egin duela; emakume gazteen % 59,4k uste dute, eta, aldiz, gizon gazteen artean, % 53,6k.

'Gainera, euskal gazteak baikorrak dira, etorkizunari buruz. 2016an, 15-29 urte bitarteko gazteen % 69,2k uste dute euren egoera pertsonalak hobera egingo duela hurrengo bost urteotan', nabarmendu du Añibarrok. Emakumeak baikorragoak dira hobekuntza horri buruz: % 71,3k uste dute hobetuko duela (gizonen % 67,1ek).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea bideoak Gaurko azken orduko albistea Gazteak gaur