Gizartea -
Atentatua Bartzelona
Rambletan atentatu bat izateko arriskuaz ohartarazi omen zuen CIAk
Identifikatu gabeko iturrien arabera, Mossoek, CNIk, Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak eta Terrorismoaren eta Krimen antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroak jaso zuten alerta.
agentziak | erredakzioa
Esquadra Mossoek, Estatuko segurtasun indarrek eta CNIk CIAren abisua jaso zuten maiatzean, Estatu Islamikoak (EI) Katalunian "Rambletan, zehatz-mehatz", atentatua egiteko asmoa zuela ohartaraziz, terrorismoaren aurkako borrokako iturriek EFEri baieztatu diotenez.
El Periodico de Cataluña egunkariak plazaratu du gaur, osteguna, informazioa eta, aipatutako iturrien arabera, Polizia Nazioanalak Manel Castellvi Mossoen Informazioaren burua jarri zuen jakinaren gainean.
AEBko Inteligentzia zerbitzuen oharraren arabera, "2017ko maiatzaren amaierako baieztatu gabeko informazioaren arabera, Irak eta Siriako Estatu Islamikoa (ISIS) zehaztu gabeko ekintza terroristak prestatzen ari zen udan egiteko, Bartzelonako gune turistiko jendetsuen aurka, bereziki Rambla kalean".
Terrorismoaren aurkako borrokako iturriek diotenez, mezuak "soilik hiritarren segurtasunaren prebentzioan" du eragina, eta uste dute abisuaren ostean Mossoek polizia kopurua areagotu behar izan zuela Rambletan uztaila eta abuztuan.
Mossoek, CNIk, Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak eta Terrorismoaren eta Krimen antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroak (CITCO) jaso omen zuten informazioa.
Julian Assange eta Wikileaksen zalantzak
Julian Assangek eta Wikileaksek zalantzan jarri dute El Periodicok argitaratutako agiria benetakoa ote den, sare sozialetan zabaldu dutenaren arabera.
Gaztelaniaz erabili ohi diren markak agiriaren testuan, ustez CIAk ingelesez idatzita, eta inteligentzia zerbitzuek erabili ohi ez dituzten hitz batzuek ezbaian jarri dute mezua egiazkoa ote den.
Hala, "ISIS idaztea (hedabideetan erabilia) ISIL (inteligentzia zerbitzuek erabili ohi dute) beharrean"; "Irak" (gaztelaniaz) "Iraq"en ordez (ingelesez); "Nota", "Notice" idatzi beharrean etab. Hori dela eta, agiria "oso susmagarria" dela esan dute.