Gizartea -
Ekainean
Jaurlaritzak jihadisten fenomenoa aztertzeko lantaldea eratu du
Lehendakaria da taldeko burua, Cristina Uriarte, Beatriz Artolazabal, Estefania Beltran de Heredia eta Jonan Fernandez lagun dituela.
agentziak | erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak lantalde bat eratu du, Iñigo Urkullu lehendakaria horren buru dela, "jihadisten fenomenoari erantzuna" emateko, eta, besteak beste, "arriskutsutzat" jotzen diren etorkinak gizarteratzeko neurriak onartu nahi dituzte.
Hala iragarri du gaur, osteguna, Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaleak, hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Bilbon.
Erkorekaren esanetan, lantaldea ekainean sortu zuten Eusko Jaurlaritzan. Lehendakaria da taldeko burua, eta Cristina Uriarte (Hezkuntza), Beatriz Artolazabal (Enplegua eta Gizarte Politika), Estefania Beltran de Heredia (Segurtasuna) eta Jonan Fernandez (Giza Eskubideak, Elkarbitiztza eta Kooperazioa) ere parte hartzen ari dira.
Erkorekak azaldu duenez, espero dute "irailetik aurrera" emaitzak ematen hastea eta, horrela, Jaurlaritzak fenomeno jihadistari emango dion erantzuna zehaztea.
"Terrorismoaren aurkako derrigorrezko eta ezinbesteko prebentzioaz" gain -Ertzaintzaren esku- Jaurlaritzak "joera terroristak izan ditzaketen etorkinen taldeei aurre egiteko erantzuna" eta, horien aurrean, jokatzeko modua zehaztea da helburua.
Erkorekak azpimarratu duenez, "Ertzaintza gainerako indar polizialekin elkarlanean ari da, terrorismoaren aurkako borrokan adostutako protokoloen baitan, eta prebentzio neurriak adostuta, kasuan kasu, arrisku mailaren araberakoa".
"Gai horretan gabeziak egoteko arriskua badago, erkidegoetako poliziak ere Eurpako eta Nazioarteko foroetan Ertzaintza eta Mossoak egotea aldarrikatzen jarraitu behar da", terrorismoaren aurkako borroka eraginkorra izateko.