Gizartea -
Bilboko Aste Nagusia
Gotzaintzak 'biraotzat' jotako irudia kendu dute Hontzaken txosnatik
“Vatikanoko harategia” lanak Jesus gurutziltzatua irudikatzen du, berorren okela zatiak marrazki batean sailkatuta dituela, eta Bilboko Gotzaintzak salaketa jarri zuen.
Agentziak
Ertzaintzak gurutzea eta Hontzak konpartsaren txosna apaintzen zuten beste hainbat irudi kendu ditu gaur goizean, epailearen aginduz, Bilboko jai eremuan, Gotzaintzak “biraoa” zirela salatu eta gero.
Bilboko Gotzaintzak salaketa jarri zuen atzo arratsaldean epaitegian, eta epaileak irudiak kentzea eskatu dio Ertzaintzari, gaur goizean egin duenez, eliz erakundeak iragarritakoaren arabera.
“Vatikanoko harategia” lanak Jesus gurutziltzatua irudikatzen du Vatikanoko kupularen azpian, berorren okela zatiak irudi batean sailkatuta dituela, eta “Har ezazue eta jan guziok honetatik, hau nire gorputza da eta” leloa erakusten du.
Salaketa aurkeztu eta gero, Bilboko hirugarren zenbakiko instrukzioko epaitegiak atzo iluntzean agindu zuen konposizioa kentzeko eta txosnan zeuden pertsonak identifikatzeko, eta hori egin du Ertzaintzak gaur goizean, polizia talde horrek emandako informazioaren arabera.
Ertzain talde batek gurutzea eta “okela” zatiak eraman ditu txosnatik.
Gotzaintzaren aburuz, askatasun erlijiosoaren aurkakoak eta fede kristaua duten pertsonen errespetuaren aurkakoak dira irudi horiek.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak atzo esan zuen berari ez zaizkiola “batere gustatzen” txosnan ikusgai zeuden irudiak.