Gizartea -
Andramaixak
Adin txikiko batek sexu erasoa salatu du Azkoitiko jaietan
Gaitzespena adierazteko elkarretaratzea deitu dute Sustraiak Moretzen eta Sostenikpe talde feministek astelehenean, abuztuak 21, 19:30ean Azkoitiko plazan.
Agentziak | Erredakzioa
Adin txikiko batek salaketa bat aurkeztu du Ertzaintzaren polizia-etxean, Azkoitiako (Gipuzkoa) Andra Mari jaietan sexu erasoa jasan zuelako.
Neskatoak jarritako salaketaren arabera, larunbat goizaldean pairatu zuen erasoa. Arrazoi horregatik, salaketa jartzeko Ertzaintzako polizia-etxera hurbildu zen.
Une horretan, gertatutakoa argitzeko ikerketa abiatu zuen Ertzaintzak.
Salatutako sexu erasoa gaitzetsi du Udalak
Azkoitiko Udalak adin txikiko batek salatutako erasoa gaitzetsi du. Ildo horretatik, "eraso matxista guztiak salatzen eta arbuiatzen" dituela nabarmendu du udal webgunean kaleratutako ohar batean. Javier Zubizarreta udalerri horretako alkateak gogora ekarri duenez, "erakundeok eta gizarteak garbi esaten dugu: Ez beti da ez!". Era berean, "biktimaren eta bere familiaren intimitatearekiko errespetu osoa" eskatu du Udalak, familiak "espreski adierazi duelako kasua diskrezio osoz eraman nahi duela".
Alabaina, "erasoak hor jarraitzen" dutela gaitzetsi du Zubizarretak, eta arazo horri aurre egin ahal izateko "guztiok bat eginda borrokatu" beharra dugula nabarmendu du. "Ez Azkoitian ez beste inon, ez orain ez inoiz, ezin da baimendu gabeko harremanik eman", esan du.
Halaber, Udalak "bere esku dagoen laguntza eta baliabide guztiak" eskaini dizkio neskatoari, eta "indarkeria matxista desagertzen den arte lanean jarraitzeko konpromisoa" berretsi du.
Geroago, Azpeitiko Udalak beste agiri bat kaleratu du, neskatoa azpeitiarra baita. Azpeitiko Udalak eraso sexista gaitzetsi du, eta "babes osoa" adierazi die "biktimari, bere familiari eta ingurukoei". Halaber, "bere esku dauden baliabide guztiak haien esku" jarri dituela jakinarazi du, eta "garbi eta garbi" utzi du Udalak ez duela onartzen eta ez duela onartuko "inolako erasorik ez hemen eta ez inon".
Elkarretaratzea deitu dute astelehenerako
Sexu eraso horren aurrean, gaitzespena adierazteko elkarretaratzea deitu dute Sustraiak Moretzen eta Sostenikpe talde feministek astelehenerako, abuztuak 21, 19:30ean Azkoitiko plazan.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.