Gizartea -
Bilboko Aste Nagusia
Balearen desfileak kolorez beteko du berriro Bilbo gaur
Hamaseigarren aldiz irtengo da Baly balea Bilboko kaleetara, lagun askorekin gainera. Aurten, Aste Nagusiko kartelean ere agertzen da Baly.
Agentziak | Erredakzioa
Bilbok Balearen Desfilearen hamaseigarren edizioa egingo du gaur, Aste Nagusia 2017ko lehen igandean. Han izango dira ohikoak diren pertsonaiak; hau da, balea, olagarroa, txangurroa eta bisiguak, nahiz talaiako begiralea eta arpoilariak, zenbait fanfarre eta animazio-talde.
Bilbao 700 Fundazioak antolatutako eta Bilboko Udalak babestuta, BBK Fundazioaren laguntzarekin, ekitaldi hau, batez ere familientzat zuzenduta, Plaza Biribiletik abiatuko da, Kale Nagusian zehar, 18:00etan.
Halaber, goizean Aste Nagusiko jai-gunean pertsonaia batzuk ibiliko dira balearen bila. Arratsaldean, 16:00etatik hasita, puzgarriak egongo dira Arriagako plazan. Hara doazenek desfileko pertsonaiak, hau da, balea, olagarroa, txangurroa eta bisigua, "Aste Nagusirako nola berpizten diren" ikusi ahalko dute.
18:00etan irtengo da
Plaza Biribilatik abiatuko dira animazio-konpainiak eta taldeak 18:00etan, Kale Nagusian zehar, eta kalea "soinuz, kolorez eta alaitasunez beteko dute". Desfilearen aurrealdean, Trokobloco batukada izango da eta atzean itsasontzi bihurtutako kamioi "kustomizatuak" eta umeentzat konfetiak, serpentinak, globoak eta mozorroak egongo dira.
Karrozen ostean, arpoilariak eta talaiaria, ikusleekin elkarreraginez, balearen bila ari diren bitartean. Orduantxe agertuko dira Balea, ura jaurtitzen duen 12 metroko luzera eta 5 metroko diametroa duen puzgarri handia; Olagarroa, erroetatik konfiteak botatzen dituen 6 metroko altuera eta 13 metroko diametroa duen pertsonaia; Txangurroa, ur lainoztatu botatzen duen 10 metro luze eta 8 metro zabaleko puzgarria; eta Bisigua, ahotik kea eta zakatzetatik arroza botatzen duen 5 metro luze eta 2 metro altuko puzgarria.
Horiek guztiak aurtengo edizio honetako desfileari musika jarriko dieten taldeekin arituko dira: Sama-Siku fanfarrea, Santurtziko erraldoiak eta "Cal y Canto", "Xarop de Canya" eta "Planet Vapeur" konpainiak.
Kabalgataren ostean, Bilboko Udalaren garbiketa-taldea joango da, hondakinak kentzeko eta Kale Nagusia eta inguruak berehala garbi uzteko, udalbatzak adierazi duenez.
Eragina zirkulazioan
Desfileagatik, 17:00etatik aurrera Kale Nagusia eta zeharkako kaleak itxi egingo dira ibilgailuen zirkulaziorako, Plaza Biribiletik Areiltza Doktorearen kaleraino. Zirkulazio-etenaldiak urratsez urrats egingo dira, tarteka alegia, eta desfileko parte-hartzaileak eraginpeko leku batetik pasatzen amaituta, leku horretan zirkulazioa baimenduko da.
Halaber, Bilboko Udaltzaingoak koordinatuko du desfilea, "iparraldea eta hegoaldea lotzeko bide bat zabalik egoteko beti Bilbobus zerbitzuko autobusentzat", kabalgatak dirauen bitartean. Kale Nagusiaren alde batetik bestera joaten diren lineentzako ordezko ibilbide bat prestatuko da.
Zirkulazioa ez aurrera ez atzera ez geratzeko, Bilboko Udalak herritarrei gomendatzen die garraio publikoa erabiltzeko. Bilboko Udaleko Babes Zibilak abian jarriko ditu ohikoak diren beharrezko neurriak desfilearen ikusleen segurtasuna bermatzeko eta, ezustekorik gertatuz gero, berehala erantzuteko.