Gizartea -

Ijitoen kanporatzea

Ijitoak bere herrialdean hartzea iradoki dio Redingi Sarkozyk

Komisarioak bere herrialdearen izenean hitz egiten ez duela adierazi du Luxenburgoko Atzerri ministroak, eta luxenburgotarrekin "arazoak" izatea egotzi dio Frantziako presidenteari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziatik kanporatutako etorkin ijitoak Luxenburgon hartzea iradoki dio Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak Viviane Reding Europako Batzordeko presidenteordeari. Frantziaren kanporaketa politikak bigarren mundu gerrako Alemaniak egindakoekin alderatu zituen atzo Redingek.

Iradokizuna UMPko senatariekin egindako bileran egin du Sarkozyk, Bruno Sido senatariak bilera amaitu ostean azaldu duenez. "Gure politika ona zela esan du eta Frantziak egindakoari buruz Europak iritzia ematea eskandalagarritzat jo du". Europako Kontseiluan parte hartuko du bihar Frantziako presidenteak Bruselan.

"Europako araudia, Frantziako legeak, baino ez dituela aplikatu adierazi du, gai horretan Frantziari aurpegiratzeko ezer ez dagoela erantsi du, baina luxenburgotarrek ijitoak hartu nahi baldin badituzte, ez dago arazorik", azaldu du senatariak, Sarkozyk egindako adierazpenei erreferentzia eginez.

Sarkozyren ustezko hitzek Luxenburgoren erreakzioa eragin dute dagoeneko. Jean Asselborn Atzerri ministroaren ahotan, Redingek "ez du Luxenburgoren izenean hitz egin eta ez du Luxenburgoren agindurik jaso". "Luxenburgo eta komisarioaren herria gai honetan nahastea gaiztoa da", defendatu du ministroak.

Berlusconi

Ijitoen kanporaketei egindako kritikak Frantziako Gobernuarekin "pribatuan" eztabaidatu behar izan zituen Redingek, Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroaren hitzetan.

"Publikoki hitz egin zuen bezala mintzatu baino lehen" Frantziako Gobernuarekin eztabaidatu behar izan zuen Redingek, Berlusconiren ahotan. "Ijitoen arazoa ez du Frantziak soilik", erantsi du Berlusconik.

"Hanka-sartzea"

Bestalde, Pierre Lellouche Frantziako Gai europarretarako Estatu idazkariak "hanka-sartze"tzat jo ditu Viviane Reding Europar Batasuneko komisarioak egin zituen adierazpenak, ijitoak kanporatzeko politika Bigarren Mundu Gerra garaiko egoerarekin alderatu zuelako.

"Frantzia askearen alde lan egin zuen baten semea naizenez, ezin diot onartu Reding andereari egungo Frantziak Vichykoarekin antza duela esatea, ezin da Bigarren Mundu Gerraz hitz egin", Lellouchek RTL irrati-kateari adierazi dionez.

Reding oso kritiko agertu zen Frantziako ijitoak kanporatzeko politikarekin eta Europar Batasunaren Justizia Auzitegira eramango duela iragarri zuen. "Pentsatzen nuen Europak ez zuela horrelako egoerarik biziko Bigarren Mundu gerraren ostean", esan zuen atzo komisarioak.

Adierazpen horiekin, "pasioa pentsamenduari gailendu" zitzaiola pentsatu nahi du Estatuko idazkariak.

Lellouchek oso gogor erantzun dio Redingi: "Jatorrizko herrialdera itzultzeko billete bat ez da heriotzaren trena, ez da gas-kamera bat". "Hanka-sartze hori ez da egokia izan", gaineratu du Lellouchek.

Estatu idazkariak uste du Europako Batzordeak estatu kideei zein betebehar dituzten gogorarazteko eskubidea duela, baina ezin duela "estatuen zentsore lana" egin.

"Ezin zaio horrela hitz egin Frantziari, giza eskubideen amari, Batasunaren fundatzaileari. Ez gara gelako ikasle gaiztoa, ezta fiskalaren aurrean dagoen gaizkilea ere", Lellouchen esanetan.

Dena dela, Estatu idazkariak onartu du Barne Ministerioak gaiari buruz igorri zuen gutuna ez zela "horrela" idatzi behar.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea