Gizartea -

Nafarroa

Txingor-zaparrada handi batek kalteak egin ditu Zangozako eskualdean

Bat-batean izandako ekaitz handi eta labur batek kalte handiak egin ditu Zangozan, Ledean eta Esan. Azken hamarkadetako kazkabar-zaparrada handiena izan da.

Kazkabarra
Kazkabarra
Sei zentimetroko diametroa duten kazkabarrak izan dituzte Ledean

3:03

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txingor-zaparrada handi batek kalte material handiak egin ditu bart Zangozan, Ledean eta Esan (Nafarroa).

Isabel Elizalde Nafarroako Gobernuko Nekazaritza Garapenerako kontseilariak Radio Euskadin azaldu duenez, ekaitza laburra eta indartsua izan da; azken hamarkadetako handiena.

Hori horrela, Foru Exekutiboak kaltedunak artatzeko eta informazioa emateko bulegoa irekiko du asteazken honetan Zangozan. Herritarrek 948 871 859 telefono-zenbakira ere dei dezakete, informazio eske.

 

 

Ricardo Murillo Ledeako alkatearen esanetan, ekaitzak 10 minutu iraun du, baina “beldurgarriak” izan dira. Bertan, kazkabarra sei zentimetrokoa izan da.

“Ikaragarria izan da. 22:00etan hasi da, eta 10 minutuz kolpe indartsuak eman ditu txingorrak”, esan du.

Ekaitzak kalte materialak egin ditu teilatuetan, zuhaitzetan eta hainbat ibilgailutan (“herriko goiko aldean aparkatuta zeuden ibilgailu guztietan”). Frontoian ere zulo ugari egin ditu kazkabarrak, eta urez bete da.

Murillok aitortu du hasieran “landareen” egoeragatik kezkatu direla, baina txingorraren tamaina ikusita, “etxeengatik” kezkatu dira.

Esako Udaletik informatu dutenez, “beira ugari hautsi dira ibilgailuetan eta etxebizitzetan”.

Zangozan, aldiz, “lekuaren araberakoak” izan dira kalteak. Bertan ere hainbat ibilgailu kaltetu dira.

Orain, herritarrak aseguru-etxeekin hizketan ari dira, kalteen konponketa ordainduko ote dieten ezagutzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak Eguraldia Bilbao Albisteak Ekaitzak Txingorra gaur