Gizartea -

Portugal

Madeiran harrapatutako euskal turistak: 'Botata utzi gaituzte'

Larunbatean Bilboko aireportura itzuli behar ziren 54 bidaiariek Madrilera joateko hegaldia hartuko dute eguerdian, eta handik Loiura joatekoa, arratsaldean.

Bilbotik joandako 56 bidaiari, Madeiran harrapatuta, larunbataz geroztik

1:31

E.G. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru egun Madeiran harrapatuta, etxera noiz bueltatuko diren jakin gabe. Halaxe daude larunbatean Bilboko Aireportura itzuli behar ziren 54 euskal turistak. Loiura ekarri behar zituen hegaldia bertan behera geratu zen haizete gogorren ondorioz, eta ordutik ez dute ia informaziorik izan.

Kaltedunetako batek, Vanesa Lorenzok, Radio Euskadin azaldu duenez, Air Nostrumek (Iberiak eskualdeen arteko hegaldietarako frankizian duen konpainia) "botata" utzi ditu, larunbatetik ez baitie apenas Euskal Herrira itzultzeko aukeren inguruko informaziorik eman.

Azken iragarpen meteorologikoen arabera, haizeak apaltzera egingo du astearte honetan, eta Air Nostrumek hainbat hegaldi eskainiko ditu Funchaletik Madrilera. Dena dela, euskal bidaiariek ez dute horren berri zehatzik. "Bakoitza bere bidaia-agentziarekin moldatu behar izan da. Iberiak ez daki non gauden, ezin da gurekin harremanetan jarri. Gu geu ibili behar gara deitzen; maletak eginda ditugu, edozein unetan joateko prest", azaldu du Lorenzok.

Azkenean, 12:15ean Madril helmuga duen hegazkin batean kokatu dituztela jakinarazi diete bidaia-agentziek goizean. Estatuko hiriburutik Bilbora etortzeko hegazkina arratsaldean hartuko omen dute, Lorenzok Europa Press agentziari zehaztu dionez.

Astelehenetik, ia berririk gabe

Horren hitzetan, larunbatean hoteletara eraman zituzten autobusez. Konpainiaren ordezkari baten arabera, bertan izango ziren beste hegaldi bat eskaintzeko modua izan arte, eta bi gau erreserbatu zizkien. "Astelehenean hotela utzi behar genuela esan ziguten, ez zeukatela guretzako lekurik", gaineratu du bidaiariak.

Air Nostrumekin harremanetan jartzen saiatu ziren orduan, baina alferrik. "Bakoitzak bere kontura bilatu behar izan du hotela", kritikatu du.

Gertatutakoaren aurrean, erreklamazioa aurkeztekoak dira 54 bidaiariak.

Haize-bolada gogorrak izan dira egunotan Madeiran. Asteburuan, hainbat hegaldi utzi zituzten bertan behera, eta 15.000 turista daude bertan etxera bueltatu ezinda.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Loiuko Aireportua Bizkaiko albisteak Gizartea albisteak Albisteak Portugal albisteak