Gizartea -

Indarkeria matxista

Sei atxilotu Nafarroan azken egunotan, emakumeen aurkako delituak egotzita

Erasoak eta atxiloketak hainbat herritan gertatu dira: Antsoainen, Iruñean, Arbizun eta Tafallan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foruzaingoak indarkeria matxistarekin zerikusia duten sei atestatu egin ditu azken egunotan, Nafarroako zenbait herritan.

Antsoainen, udaltzainek 49 urteko gizon bat atxilotu zuten, indarkeria matxista delitua leporatuta. Foruzainen esku utzi zuten.

Ustezko erasotzaileak kalteak eragin zituen etxebizitza batean, Foruzainen esanetan, eta biktima beldurtuta zegoela azaldu dute, bikotekideak erakutsitako indarkeriagatik. Besoetan zituen hainbat ubeldura eta lesio erakutsi zizkien agenteei.

Horrez gain, antzeko kasu bat jazo zen Iruñean. Izan ere, 32 urteko iruñear bat salatu zuen haren bikotekide ohiak, "etengabe jazarri eta kontrolatzeagatik".

Tafallan, 21 urteko beste gazte bat atxilotu zuten. Antzeko delituengatik aurrekariak zituen, eta 18 urteko bikotekideak tratu txarrak salatu zituen. Ustezko erasotzailea epailearen esku utzi zuten.

Halaber, 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Arbizun, senitarteko batengandik urruntzeko kautelazko neurria urratzeagatik.

Bestalde, 44 urteko bikotekideak jo egin ziola salatu zuen emakume batek Iruñean, eta atxilotu egin zuten. Emakumeak hainbat kolpe zituenez, ospitalera eraman zuten, zauriak artatu eta lesioen txostena egiteko.

Azkenik, Tafallan, gazte batek poliziari deitu zion, aisialdirako lokal batean bikotekide ohiarekin topo egin zuelako. Babesa jasotzeko agindua zuela adierazi zuen; hortaz, 21 urteko ustezko erasotzailea atxilotu zuten.

---

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak gaur Nafarroa Gizartea Gaurko azken orduko albistea