Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Emakume batek erasoa jasan du eta, ondoren, kalera bota dute, Getxon

27 urteko gizon bat atxilotu du Udaltzaingoak, hari eraso egitea leporatuta. Gainera, aurretik ere eraso diola salatu du orain biktimak.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Getxoko Udaltzaingoak gizonezko bat atxilotu du bikotekideari eraso egin eta, haurtxoa besoetan zuela, etxetik kanporatzea egotzita. Hortaz, emakumeak etxebizitzaren atarian geratu behar izan zuen, agenteak heldu ziren arte.

Udaltzaingoak gaur, astelehena, zabaldu duenez, salatutako ekintzak larunbatean izan ziren, 03:40 aldera. Emakumeak (30 urte) salatutakoaren arabera, bikotekideak bultzatu eta iraindu egin zuen, elkarrekin eztabaida beroa izan zutenean.

Iraindu eta eraso egin ostean, gizonak etxetik kanporatu zuen emakumea, eta atea itxi zion. Beraz, emakumea etxeko atarian geratu zen umearekin. Hori dela eta, biktimak Udaltzaingoari deitu zion gertatutakoaren berri emateko.

Emakumearen esanetan, oraingoan jasandako erasoaz gain, aurretik ere eraso dio bikotelagunak, baina ez du inoiz salaketarik jarri.

Horren berri jasotakoan, agenteek ustezko erasotzailea (27 urte) atxilotu, eta epailearen esku utzi zuten.

Keltse Eiguren Getxoko Udaleko Berdintasun zinegotziak gertatutakoa gaitzetsi du eta indarkeria matxistaren biktimei udal zerbitzuekin harremanetan jartzeko eskatu die, pairatzen ari diren egoeratik irteteko babesa izan dezaten.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Getxo argazkiak Bizkaia Delituak azken ordukoa Gaurko azken ordukoa