Gizartea -

Indarkeria matxista

Bikotekide ohiaren etxean indarrez sartzen saiatzeagatik atxilotu dute

Bilboko Udalak adierazpen instituzionala onartu du Txurdinaga auzoan gertatutako indarkeria matxistaren kasu hori salatzeko.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udaltzaingoak gizonezko bat atxilotu zuen ostegunean, genero-indarkeria delitua egotzita. Gizona bikotekide ohiaren etxean, Txurdinaga auzoan, indarrez sartzen saiatu zen.

Ostegun goizaldean, 03:30 aldera, gizona emakumearen etxera sartzen ahalegindu zen, indarra erabilita. Biktimak Udaltzaingoa ohartarazi zuen, eta bertaratu ziren agenteek atxilotu zuten, genero-indarkeria delitua egotzita.

Emakumeak, baina, ez zuen salaketarik jarri, Ertzaintzak zehaztu duenez.

Udaltzaingoak gaur emandako datuen arabera, azken egunetan izandako hiru eraso matxisten ustezko egileak atxilotu dituzte.

Bilboko Udalak, bestalde, adierazpen instituzionala onartu du astelehen honetan Txurdinaga auzoan gertatutako eraso matxista hau salatzeko. Agirian, biktimari babes osoa agertu dio Udalak, eta "emakumeak errespetatzen ez dituen edozein jarrera arbuiatu" du, "izan jarrera matxista bat, izan eraso basati bat".

------------------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilboko albisteak Indarkeria matxista gaur Gizartea bideoak Eguneko albisteak