Gizartea -

Indarkeria matxista

Kartzelan sartu dute Donostian bikotekide ohiari eraso egin zion gizona

Halaber, pertsona horrengandik urruntzeko agindua urratzea leporatu diote. Uztailean, emakumeen kontrako indarkeria delitua leporatuta atxilotu zuten gizonezkoa.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

45 urteko gizon bat kartzelara bidali du epaileak Donostian, bikotekide ohiari eraso egin eta pertsona horrengandik urruntzeko agindua urratzea leporatuta.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, asteazkenean, 21:00ak aldera, etxebizitza batean bikotekide ohiak eraso egin ziola azaldu zion Ertzaintzari emakume batek.

Lekura hurbildu ziren ertzainek etxebizitza horretako atarian ikusi zuten erasotzailea, eta bertan atxilotu zuten, handik alde egiteko asmoa zuen unean.

Orduan, erasoa jasan zuen emakumearekin hitz egin zuten. Gizonak iletik indarrez hartu eta aurpegian jo ziola azaldu zien ertzainei. Gainera, bere telefono mugikorra hartu eta burura bota zion.

Erasoaren ondorioz, emakumea erietxera eraman zuten, eta erasotzailea epailearen esku geratu zen.

Uztailean, emakumeen kontrako indarkeria delitua leporatuta atxilotu zuten gizonezkoa.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak adin txikikoak Donostiako informazioa Tratu txarrak gaur Gaurko albisteak Gipuzkoa Gizartea Gaurko azken ordukoa