Gizartea -
Bigarren aldiz
Pablo Ibarren kontrako epaiketa berria 2018ko otsailaren 28an hasiko da
Euskal jatorriko presoa bigarren aldiz epaituko dute, 1994an Floridan izandako hilketa hirukoitza dela eta. Lehen auzi-saioan epaimahaia osatuko dute.
Agentziak | Erredakzioa
2018ko otsailaren 28an bigarren aldiz epaituko dute Pablo Ibar euskal jatorriko presoa, 1994an Miamin (Florida, AEB) izandako hilketa hirukoitza dela eta. Hala iragarri du ostegun honetan Lisa Porter epaileak, Ibarren auzia bere gain hartu ondoren.
Porterrek azaldu duenez, defentsaren abokatuekin eta Fiskaltzarekin adostu du epaiketa berria egiteko data. Epaiketaren lehen egunean epaimahaia osatuko dute, baina otsailaren 28a iritsi aurretik gutxienez auzi-saio bat egingo dute epaimahaiko kideak aukeratzeko orduan jarraituko dituzten irizpideak zehazteko. Hala, lehen saioa azaroaren 29an egingo dutela azaldu du Porterrek.
Broward konderriko epaimahai batek 1998an ez zuen aho batez Ibar errudun jo. Epaileak hartutako erabakia baliogabetu zuen, ez zegoelako haren kontrako froga fisikorik. Euskal jatorriko presoa 1994tik darama preso. 1999an berriro epaitu zuten eta erruduntzat jo zuten, eta klub baten jabearen eta bertako bi dantzariren hiltzailea zela leporatu zioten.
2000. urtean heriotza-zigorra ezarri zioten Ibarri, hilketa hirukoitza egotzita. Dena dela, 2016an, Floridako Auzitegi Gorenak heriotza-zigorra baliogabetu zuen, Ibarren aztarnarik aurkitu ez zutela arrazoituta, eta epaiketa berriro egitea agindu zuen.
Fiskaltzak (Floridako Estatuak) argi utzi zuen euskal jatorriko presoari egingo dioten bigarren epaiketan heriotza-zigorra eskatuko duela berriro, hilketa hirukoitza leporatuta.
Floridako Gorenak Pablo Ibarri heriotza-zigorra baliogabetzea erabaki zuenean, Defentsak baldintzapeko askatasuna eskatu zuen, baina epaileak uko egin zion eskaera horri. Orduan, Raaj Singhal epailearen esku geratu zen auzia, baina uztailean zigor arloko epaitegiak utziko zituela iragarri zuen, eta zibil arlokoetara igaro zen. Ondorioz, auzia utzi behar izan zuen.
Uztailaren 14an, auzia bere gain hartuko ote zuen pentsatu beharra zuela azaldu zuen Barbara McCarthy epaileak.
Gauzak horrela, auzia Lisa Porter epailearen esku geratu da. Joe Nascimento Ibarren defentsako abokatuetako batek esan duenez, epaileak “auzi konplexuak daramatzan unitate batean egin izan du lan”.