Gizartea -
bata, Zaintza Intentsiboan
Garesko leherketan zauritu zirenetariko hiruk erietxean jarraitzen dute
Zaurituen arteko batek, 25 urteko mutila bera, Zainketa Intentsiboen Unitatean jarraitzen du, eta egoera oso larrian dago.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Garesko (Nafarroa) etxebizitza batean izandako gas-leherketaren ondorioz zauritu ziren hiru lagun oraindik erietxean daude. Horietako bat, gainera, larri dago, Zainketa Intentsiboen Unitatean, hain zuzen ere.
Ezbeharra igande goizaldean izan zen, Cortes de Navarra kaleko etxe batean. Eztandaren eraginez bertan bizi zen gizonezkoa hil egin zen, eta hainbat zauritu (guztira sei) Nafarroako Ospitalera eraman behar izan zituzten.
Atzo, astelehenez, aipatu sei horietatik hiruk senda-agiria jaso zuten, eta Foru Gobernuak jakinarazi zuen ez duela zaurituen berri gehiago emango, baldin eta euren egoeran aldaketa nabarmenik gertatzen ez bada.
Horrenbestez, larrien dagoen zaurituak, 25 urteko mutila bera, Zainketa Intentsiboen Unitatean jarraitzen du, pronostiko oso larriarekin, eta beste biak Neurokirurgia sailean daude ospitaleraturik.
01:33ean jazo zen gertaera, Cortes de Navarra kaleko 4 zenbakiko lehen solairuan. Gas-leherketa horrek izandako indarrak kalera bota zituen eraikinaren aurrealdeko adreiluak. Herriko festak ospatzen ari zirenez, ordu horretan jende asko zebilen kalean.
Guztira hamahiru pertsona zauritu ziren, baina gehienek egunean bertan jaso zuten senda-agiria.
Ikerketa zabalik dago, baina Guardia Zibilak zabaldutako datuen arabera, litekeena da eztanda hildakoak berak eragin izana, bere buruaz beste egiten saiatzean, butano-bonbona bat irekitzean eta etxebizitzari sua ematean.