Gizartea -

Nafarroa

Hildako bat eta 13 zauritu Garesen, gas-leherketa baten ondorioz

Litekeena da hildakoak berak eztanda eragin izana, bere buruaz beste egiten saiatzean. Leherketa 01:30ean gertatu da, Cortes de Navarra kaleko 4 zenbakiko lehen solairuan.

Leherketa gertatu den eraikina, Garesen. Argazkia: EiTB
Leherketa gertatu den eraikina, Garesen. Argazkia: EiTB
Gareseko gas-leherketa: suizidioa du Guardia Zibilak hipotesi nagusitzat

1:36

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pertsona bat hil eta beste hamahiru zauritu dira, horietako bi oso larri, gaur goizaldean Garesko (Nafarroa) etxebizitza batean izandako gas-leherketan eragindako sutearen ondorioz.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, hildakoa ezbeharra izan den etxebizitzan bizi zen; zaurituak, berriz, kaletik zihoazen oinezkoak dira, eta leherketaren ondorioz gainera eroritako txintxorrek jo dituzte. Aipatu zauritu horietatik bi, 21 urteko neska bat eta 25 urteko mutil bat, Nafarroako Ospitale-guneko Zainketa Intentsiboen Unitatean daude, eta bertan izan da Fernando Dominguez Osasun sailburua.

Aipatutakoez gain, 19, 21 eta 23 urteko beste hiru gazte behaketan daude ospitale berean, printzipioz horren larria ez den pronostikoarekin. Gainera, 59 urteko beste gizon bat ere zentro berean dago ingresatuta. Ospitale horretan adingabe bat eta beste bi pertsona heldu ere artatu dituzte, baina senda-agiria jaso dute dagoeneko.

Foru Gobernuak emandako informazioaren arabera, zauriak izan dituzten gainerako lau pertsonak Garesen bertan artatu dituzte DYako langileek, euren zauriak arinagoak baitziren.

Gertaera 01:30ean gertatu da, Cortes de Navarra kaleko 4 zenbakiko lehen solairuan. Herriko festak ospatzen ari zirenez, jende asko zebilen kalean.

Hildakoaren gorpua kiskalita aurkitu dute etxe barruan. Suak guztiz kaltetu du etxebizitza, eta horma bat behera erori da leherketaren eraginez. Adreilu zatiek kalean zeuden hainbat pertsona jo dituzte. Eztandaren indarrak hiru solairuko etxebizitzaren egiturari eragin dionez, bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte.

Sutea Lizarrako suhiltzaileek itzali dute, Cordovillako parkeko suhiltzaileen laguntzaz.

Suizidio saiakera

Guardia Zibilak bere gain hartu du gertaera ikertzeko ardura, eta zabaldutako lehen informazioen arabera, litekeena da hildakoak berak eztanda eragin izana, bere buruaz beste egiten saiatzean, butano-bonbona bat irekitzean eta etxebizitzari sua ematean.

Eztandak hiru solairu dituen eraikinaren egitura osoari eragin dio, zutabeak lekuz mugitu eta hormak erori baitira, eta, ondorioz, bizilagunak euren etxean hustu beharko dituzte.

Guztiak onik atera dira euren bizilekuetatik, besoan zauriak zituen bizilagun bat izan ezik.

Guardia Zibilak gaineratu duenez, aldameneko eraikineko bizilagunak ere etxetik atera behar izan dira, teknikariek eraikinaren egitura gainbegiratzearen zain.

Udalaren babesa

Gareseko Udaleko osoko bilkurak ezohiko batzarra egin du goizean, eta elkartasun osoa adierazi die leherketan hildakoari eta zauritutakoei, baita horien senideei ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Suteak argazkiak Gizartea bideoak Gaurko azken ordukoa