Gizartea -
1960-75 urteetan
Ia 500 haur bortxatzea egotzi diete Belgikako hainbat apaizi
Sexu-abusuak pairatu zituzten haurretatik 13k euren buruaz beste egin zuten, gaur ezagutzera eman den txosten baten arabera.
Erredakzioa
Belgikan 1960tik 1975era zenbait apaizek haurrei sexu-abusuak egin zizkien aztertzeko Batzordeak txostenaren ondorioak eman ditu gaur ezagutzera. Peter Adriaenssens haurren psikiatrak jakitera eman duen agiriak jasotzen duenez, epe horretan 475 salaketa egin zituzten. Gainera, biktimetako batzuek euren buruaz beste egin zutela jakinarazi du.
Adriaenssensek salatu duenez, "abusuak ez salatzeko presioak" izan dira Belgikako Elizan.
200 orrialdetan, hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan apaizek bortxatu zituzten elizaren irakaskuntza erakundeetako ehunka ikasle ohien testigantzak bildu dituzte.
Pasarterik zirraragarriena abusuak pairatu zituzten biktimen buru-hiltzeena da; izan ere, hamahiru kasu konfirmatu eta beste sei ahalegin ezagutu dituzte.
Batzordearen presidente ohiak adierazi duenez, "buru-hilketei dagokienez, errealitatea espero genuena baino oraindik okerragoa da".
Adriaenssensek esan du batzordeak "egia" eta "adiskidetzea" izan dituela lan egiteko oinarriak, eta haur gehienak, gaur egun berrogei urte inguru dituztenak, gertakarien ondorioz traumatizatuta gelditu zirela gaineratu du.
Testigantzak anonimoak izan dira eta bortxaketak uzkitik eta ahotik izan zirela eta masturbazioak ere pairatu zituztela argitu dute.
Bortxatutako haurrek 12 eta 15 urte bitartean zituzten.
Batzordea Gotzainen Batzarrak sortu zuen, 2000n.