Gizartea -
Pizarra (Malaga)
Hilik topatu dute Malagan galdu zen 3 urteko neskatoa
Kolpea du buruan; autopsiak, baina, oraindik ez du argitu istripua edo hilketa izan den.
agentziak
Hilik topatu dute atzo, asteazkena, Pizarran (Malaga) trenaren geltokiaren inguruetan gurasoekin zegoela desagertu zen hiru urteko neskatoa, Lucia, galdu zen lekutik zazpi bat kilometrora, aldiriko trenaren trenbidearen ondoan.
Haurraren hilotza Pizarra eta Alora lotzen dituen trenbidearen bazterrean agertu da.
Neskatoak kolpea zuen buruan, baina oraindik ez dakite istripu batek edo nahita eraginda izan den, ikertzaileek Eferi adierazi diotenez.
Haurraren hilotza Malagako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute, autopsia egitera, kolpea buruan nola hartu zuen argitzeko.
Gainera, buruan duen kolpeak hil duen ala ez argituko dute auzitegiko medikuek.
Edonola ere, une honetan, zenbait hipotesi dute esku artean. Horietako bat, hilketa; beste bat, istripua.
Nietok istripua aipatu du
Halere, Jose Antonio Nieto Segurtasuneko Estatu idazkariak aurreratu duenez, badirudi istripuaren hipotesia indarra hartzen ari dela, antza, umea noraezean ibili eta gero.
"Antza denez, istripuaren teoria gailentzen ari da, beste edozein aurretik", esan du Nietok Senatuan, kazetarien aurrean. Gainera, "printzipioz" bahiketaren hipotesia baztertu egin dutela gaineratu du.
Nietok azaldutako hipotesi baten arabera, umea galdu egin zen, hiru bat kilometro egin zituen oinez trenbidetik, eta, nekatu zenean, trenbidearen ondoan eseri zen. Dirudienez, ondoren igaro zen tren batek eragin omen zion buruko kolpea, eta horrela hil omen zen.
Pizarrako zein Alhaurin el Grandeko udalek (aita azken udalerri horretakoa da) hiru eguneko dolua ezarri dute gertatutakoaren berri izandakoan.
23:20 inguruan eman zuten desagerpenaren berri, gurasoek begien bistatik galdu zuten bi minutuan umea desagertu ondoren, geltokiaren ondoan dagoen jatetxe batean afaltzen ari zirela. Berehala abiatu zuten umea bilatzeko operazioa, senideekin batera, familiakoak zeuden jatetxearen inguruetan.
Felix Lozano Pizarrako alkateak Canal Sur Radion azaldu duenez, "herriak ahalegin guztia egin du hasieratik" Lucia bilatzeko, eta ehunka bizilagunek, Guardia Zibilak, Udaltzaingoak eta Babes Zibilak parte hartu dute bilaketa-lanetan.
Lehen orduetan, tren geltokiaren inguruetan ibili dira haren bila, eta goizean goiz zabaldu egin dute bilaketa-eremua, eta indartu egin dute bilaketa, bizilagunak eta segurtasuneko kideak sei taldetan banatuta.