Gizartea -
Indarkeria matxista
Ehunka lagunek bat egin dute Gasteizen, sexu erasoak salatzeko
Bi elkarretaratzek gaitzetsi egin dute igandean emakume batek pairatutako bortxaketa.
Agentziak | Erredakzioa
Ehunka pertsona bildu dira astearte goiz honetan Gasteizko Plaza Berrian, joan den igandean emakume gazte batek jasandako sexu erasoaren aurrean ?gaitzespena eta errefusa? agertzeko. Era berean, ?elkarren arteko harremanak errespetuan? oinarritu behar direla ulertzen ez dutenak ?haien etxean gera daitezela? exijitu dute Gasteizko Udalak deitutako elkarretaratzean.
?Gasteiz eraso matxisten aurka? lelopean, Udalbatzako eta beste erakundeetako ordezkariak ere Plaza Berrian bildu dira, ehunka hiritarrekin batera, Blusen eta Nesken Egun honetan egin duten hamabost minutuko elkarretaratze isilean.
Berta izan dira Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Udalean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztietako zinegotziak, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua eta Pilar Garcia de Salazar Gasteizko ahaldun nagusiordea, besteak beste.
Landaidak asteburuan izandako sexu erasoa irmotasunez gaitzetsi du eta bere babesa adierazi dio erasoa pairatu zuen emakume gazteari. ?Emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko gizarte baten alde? agertu da Emakundeko zuzendaria. Ildo horretatik, gizarte osoaren inplikazioa beharrezkoa dela azaldu du, eta ?ez beti dela ez ulertu? beharra dagoela azpimarratu du.
Era berean, Gorka Urtaranek gaitzespen irmoa adierazi du igandean izandako sexu eraso horren aurrean, eta Udalaren ?elkartasuna, babesa eta laguntza? eskaini dizkio ?biktimari baita bere inguruko pertsonei ere?. Halaber, Gasteizko jaiak asteko egun gutxi falta direla gogoratu du, eta ?Gasteiz hiri modernoa den bezala, elkarrekiko harremanak errespetuan? oinarritu behar direla nabarmendu du. Hala, hori ulertzen ez duenik badago ?bere etxean gera dadila? exijitu du.
Arratsaldean beste elkarretaratze bat egin dute Gasteizen, kasu horretan bertako Mugimendu Feministak deituta. Andra Mari Zuriaren plazan izan da, 'Erasorik ez erantzunik gabe!' lelopean. Bestalde, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak ohar baten bidez gaitzetsi du sexu erasoa.
Zazpi koadrilek osatutako Nesken eta Blusen Elkarteen Federazioak (Gasteizko Blusa Mutil eta Nesken Elkartetik at) ?gaitzespen irmoena? adierazi du.
Hala, Nesken eta Blusen Elkarteen Federazioak Plaza Berrian antolatutako ?Urrezko Abarka? ekitaldian bost minutuko egonaldia egin dute. Era berean, Gasteizko Udalak indarkeria matxistaren kontra egindako protokoloa oinarri hartuta ekarpen berriak egingo dituztela jakinarazi dute.
Txosten berrian jasoko dutenez, elkarte horretako kideei isunak ezarriko dizkiete jaietan eraso matxistak eginez gero. Halaber, egun horretarako antolatutako jarduera nagusian, edo kalejiraren ostean ?etenaldia? egingo dute.
Blusen eta Nesken elkartea 2016ko jaietan banatu zen, abuztuaren 9an izandako sexu eraso saiakera baten aurrean isilik egoteko akordioa urratu zuten lau koadrilei isuna jartzeko aukera aztertu zutenean.
__________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.