Gizartea -
Garraio berezia Nafarroatik
Zuastira iritsi da Pasaiako portua helmuga duen megakamioia
23:00etan Altsasurantz abiatuko da, eta bertan geratuko da abuztuaren 1era arte, Alaska hotel parean.
Euskadi Irratia | Erredakzioa
Egun hauetan Nafarroako errepideetatik barrena dabilen megakamioia Zuastira iritsi da gaur goizaldean inolako arazorik gabe. Aipatu kamioi bereziak aerosorgailu baten pieza erraldoia darama Zangozatik Pasaiara bueltan. Izan ere, konboia azaroan eraman zuten Zangozara, hango laborategi batean probak egiteko, eta orain Pasaiako portura itzuliko da, bertatik Japoniara eraman dezaten.
515 tonako megakamioiak 100 metroko luzera du, eta 6,5 metroko zabalera eta 5,30 metroko altuera. Hori dela eta, gauez egiten ari da bidea, zirkulazioan ahalik eta arazo gutxien eragiteko.
Astearte gauean atera zen Zangozatik, CENER laborategitik, eta gaur gauean, 23:00etan, ekingo dio hirugarren etapari, Zuastitik (A-15) atera eta Altsasura iristeko asmoz. Bertan, Alaska hotel parean geratuko da abuztuaren 1era arte, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak hala erabakita, egun hauetan ibilgailuen joan-etorri ugaria izango baita, oporretako irteera eta itzulera operazioa direla eta.
Horrenbestez, aurreikuspenen arabera, garraio berezia abuztuaren 1etik 3ra bitartean ibiliko da Gipuzkoako errepideetatik Pasaiara iritsi arte.
Bitartean, Foruzaingoaren 20 agente ari dira zirkulazioa bideratzeko lanetan. Megakamioiaren luzera dela eta, arazo nagusiak bihurguneetan eta biribilguneetan izaten dituzte.
Gainera, bidean oso astiro joan behar du, orduko 15 kilometroko abiaduran, eta zati asko kontrako noranzkoan egin behar izaten ditu.