Gizartea -

Indarkeria matxista

Eraso matxistei aurre egiteko protokoloa berritu du Gasteizko Udalak

Prozedurak eta koordinazioa hobetzeko mekanismoak hobetu ditu.

Abuztuaren 9an, Gasteizen egindako elkarretaratzearen argazkia. EFE
Gasteizek sexu erasoen kontrako protokolo berria aurkeztu du

5:02

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udalak eraso matxistei erantzuteko protokoloa berritu du eta hobekuntzak egingo ditu prozeduretan eta koordinaziorako mekanismoetan. Jaione Aguirre Berdintasuneko zinegotziak eta Mireia Espiau Berdintasun Zerbitzuko buruak gaur aurkeztu dituzte protokoloaren berritasunak prentsaurrean. Halaber, Andre Maria Zuriaren jaiei begira programa berezia prestatu dute sexu erasoak eta emakumeen kontrako bestelako erasoak saihesteko.

Jaiei begira, informazio gune bat jarriko du Udalak Posta kalearen eta Agirre Lehendakariaren kalearen arteko bidegurutzean. Gainera, emakume gazte eta helduek autodefentsa feministako lantegi batean —urte osoan egiten direnen antzekoa— hartuko dute parte.

Halaber, jaietan materialak eta mezuak zabaltzeko kanpaina diseinatu du Udalak. Alde batetik, hiriko 4 sarrera nagusietan "Vitoria-Gasteiz,  eraso matxistarik gabeko hiria" mezua daramaten seinaleak jarriko dira datozen egunetan, eta urte osoan mantenduko dira. Leku hauetan jarriko dira: Forondako atea (iparraldea), Gardelegi (hegoaldea), Brusela hiribidea (ekialdea) eta Zabalgana (mendebaldea).

Bestetik, Udalak material hau banatuko du: 10.000 txapa, 4.000 gida, jaietako 2.000 zapi kanpainaren lemarekin, banderatxoak, lonak Foru plazako eta Plaza Berriko agertokietan eta 280 kartel.

Bestalde, Gasteizko Gizarte Politiken Sailak arreta eta prebentziorako baliabideak indartuko ditu jaietan, psikologo batez eta gizarte langile batez hornitutako 24 orduko zerbitzuaren bidez. Udaltzaingoaren 092 telefonoaz gain, egun osoan arreta emateko telefonoa jarriko dute martxan (945 134444).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala berriak Tratu txarrak Espainian Araba Gizartea Gasteiz berriak Albisteak