Gizartea -

Ustelkeria futbolean

Villar Guardia Zibilaren esku dago, atxilotuta

Litekeena da Espainiako Futbol Federazioko presidenteak bihar deklaratzea Auzitegi Nazionalean.

Angel Maria Villar, Guardia Zibilaren polizia-etxerako bidean. Argazkia: EFE
Villarrek gaua igaro du Tres Cantos herriko kalabozoan

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angel Maria Villar Espainiako Futbol Federazioko presidenteak atxilotuta segitzen du. Guardia Zibilak Las Rozasen (Madril) duen komisarian dago. 04:00ak aldera eraman dute hara, 12 orduz Espainiako Futbol Federazioaren egoitza nagusia miatu ostean.

Bestalde, Federazioko langileak gaur goizean bueltatu dira lanera, polizia-operazioaren ondorioz jarduera eten behar izan baitzuten atzo.

Soule operazioan, Villarren semea (Gorka Villar) eta Juan Padron Espainiako Futbol Federazioko presidenteorde ekonomikoa ere atxilotu zituzten, besteak beste.

Atxiloketak Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak agindu zituen. Administrazio desleiala, bidegabeko jabetzea, ustelkeria eta dokumentuak faltsutzea leporatzen dizkiete.

Litekeena da Villarrek bihar deklaratzea Pedrazen aurrean, Auzitegi Nazionalean.

Atxioloketak eta miaketa luzeak

Ustelkeriaren aurkako operazioa atzo, asteartea, 08:30ean hasi zen, Kontrol Operatiboaren Unitateko agenteek Villarren etxebizitzara jo zutenean. Sei ordu eman zituzten han.

Ondoren, Las Rozaseko Futbolaren Hirira eraman zuten Villar. 15:03ean heldu zen, eta 12 ordu eta erdi geroago atera da, goizaldean, 03:35ean.

Tarte horretan, agenteek Futbol Federazioaren egoitza miatu zuten, Guardia Zibilak eraikin nagusiaren ataria zaintzen zutela.

Miaketan, Jose Maria Castillon Futbol Federazioaren administratzaile ohia ere egon zen. Otsailean kaleratu zuten Castillon, Kirol Kontseilu Nagusiak emandako diru-laguntza bidegabe erabil zutelakoan ikerketa hasi eta Vilarrek deklaratu ondoren.

Castillon beste pertsona batekin batera heldu zen egoitzara, Villar heldu ondoren. Presidentea Guardia Zibilaren hiru agenteekin sartu zen eraikinean.

Hala, 03:35ean, ikertzaileek bukatutzat eman dute miaketa, eta Villar Las Rozaseko Futbolaren Hiritik Guardia Zibilaren Komandantzia Nagusira eraman dute. Espero dutenez, han egongo da ostegunera arte, deklaratzera eramaten duten arte.

Villar ez ezik, Gorka semea, Juan Padron Espainiako Federazioaren presidenteorde ekonomikoa eta Ramon Hernandez Tenerifeko Futbol Federazioaren idazkari nagusia ere atxilotu dituzte.

Hainbat delitu leporatzen dizkiete: administrazio desleiala, bidegabeko jabetzea, ustelkeria eta dokumentuak faltsutzea. Nazioarteko futbol partidak antolatzen zituzten horretarako.

Espainiako Futbol Federazioa egoitza nagusia Madril EFE

(Guardia Zibila Espainiako Futbol Federazioaren egoitza nagusian, Madrilen. EFE)

Partidak bere mesedetan antolatzea

Ikerketa joan den urte hasieran abiarazi zuten. Espainiako futbol selekzioaren eta nazioarteko beste selekzio batzuen arteko partidak bere onurarako antolatu izana leporatu zion Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiak Espainiako Futbol Federazioari.

Partida horien truke, Anjel Maria Villarren semearen etekin ekonomikorako zerbitzuak kontratatzen zirela eta harreman komertzialak lortzen zituela salatu zuen. Gorka Villar kirol zuzenbidean aditua da.

Guardia Zibilaren arabera, Juan Padronek "gehiegikeriak" egin ditu Federazioaren ondasunak administratzeko zuen ahalmenaz baliatuta. Sozietate jakin batzuk kontratu eta trukean dirua jaso izana egozten diote.

Padronek Ramon Hernandez Baussouf Tenerifeko Federazioko idazkariaren laguntza zuen, eta biek kudeatzen zuten enpresa batera bideratzen zuten modu irregularrean eskuratutako dirua, Guardia Zibilaren ikerketaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Futbola estatuko azken ordukoa Espainia albisteak Ustezko ustelkeria politikoa Gaurko azken orduko albistea