Gizartea -

Nafarroa

Sanferminetako taldekako bortxaketaren akusatuek preso jarraituko dute

Bost akusatuen defentsek behin-behineko askatasuna eskatu dute, baina Auzitegiak ukatu egin die. Epaile batek, ordea, aurkako iritzia eman du.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2016ko uztailaren 7an sanferminetan 18 urteko neska bat bortxatzea leporatuta espetxean dauden bost akusatuek kartzelan jarraitu beharko dutela erabaki du Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioak, haien defentsek eskatutakoaren aurka. Hala, behin-behineko kartzelaldia berretsi egin dute epaileek, ihes egiteko eta delituak berriz egiteko arriskua dagoela iritzita.

Hala jakinarazi du Auzitegiak hedabideei igorritako ohar baten bidez. Gainera, bertan nabarmendu duenez, epaileetako batek aurkako iritzia agertu du. Epaile horren arabera, bost akusatuei behin-behineko askatasuna onartu beharko liekete, 6.000 euroko fidantzapean, helbide ezagun bat emanda eta badaezpadako beste neurri batzuk jarrita.

Bost pertsona horiek urtebete daramate kartzelan, 2016ko San Fermin jaietako lehen gauean 18 urteko neska madrildar bat bortxatzea leporatuta auzipetu zituztenetik.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Nafarroako albisteak Delituak azken ordukoa Epaiketak bideoak San Fermin jaiak Albisteak