Gizartea -
Iñigo Cabacas
Jaurlaritzak errespetua erakutsi die ‘Cabacas auziko’ erabaki judizialei
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak laguntza osoa eskainiko diola justiziari “egia ezagutzeko”.
Agentziak | Erredakzioa
2012ko apirilean Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilotakada batek buruan jota hildako Athleticeko jarraitzaile gaztearen heriotza argitzeko, eta “egia ezagutzeko”, Eusko Jaurlaritzak justiziari laguntza osoa eskainiko diola ziurtatu du astelehen honetan Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak. Ildo horretatik, Jaurlaritzaren izenean “errespetua” erakutsi dio ‘Cabacas auzia’ren inguruan hartzen diren erabaki judizialei.
Guztira sei pertsona eseriko dira akusatuen aulkian ahozko epaiketan, eta Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko Segurtasun Sailak Justiziari laguntza emateko prest dagoela azpimarratu du Beltran de Herediak.
Hala jakinarazi du astelehen honetan, miñoiek gaurtik aurrera jantziko dituzten uniforme berriak aurkezteko Arabako Foru Aldundian egindako ekitaldian. Igandean, Bizkaiko Auzitegiak familiak jarritako helegitea onartu eta hiru ertzainburuez gain operatiboan parte hartu zuten beste hiru agente epaitzea erabaki zuen Cabacas auzian.
Ildo horretatik, Segurtasun sailburuak ez du inolako baloraziorik egin nahi izan Bizkaiko Auzitegiak hartutako erabakiaren inguruan, baina Eusko Jaurlaritzaren izenean “errespetu osoa” erakutsi die Cabacas auzian hartzen diren erabaki judizialei.