Gizartea -
Zubietako erraustegia
GuraSOSek Zubietako erraustegiko lanak eteteko laguntza eskatu du Senatuan
Senatuko talde guztiekin biltzeko asmoa duela adierazi du Joseba Belaustegi GuraSOS plataformaren bozeramaileak.
Agentziak | Erredakzioa
GuraSOS elkarteak Senatuan salatu du Zubietako (Gipuzkoa) erraustegia egiteko lanen planifikazio falta, baita erraustegia sortzeko beharrik ez dagoela ere. Proiektua “iruzur” gisa definitu du. Izan ere, plataformak adierazi duenaren arabera, enpresak ezkutatu egiten ditu erraustegiaren “arriskuak”.
Unidos Podemoseko hainbat senatariren eta EH Bilduko Jon Iñarritu senatariaren babespean, Senatuko talde guztiei laguntza eskatu die Joseba Belaustegi GuraSOSen bozeramaileak.
“Gurasoen elkarte bat gara, eta gure seme-alaben osasunarengatik kezkatuta gaude”, adierazi du Belaustegik.
Gainera, erraustegiaren azpiegiturek 1.000 milioi euroko kostua izango duela azpimarratu du Belaustegik, eta inbertsio hori “beharrezko ez den” azpiegitura bat egiteko baliatzea akats larria dela adierazi du.
Azkenik, Belaustegik Senatuko talde guztiekin biltzeko asmoa erakutsi du, Zubietako lanak geldiarazi eta alternatiba eraginkorrago bat bilatze aldera.