Gizartea -

Antiguako hilketa

19 urteko kartzela zigorra jarri diote Julenen aitari, semea hiltzeagatik

Duela bi aste, epaimahaiko kideek aho batez ondorioztatu zuten aitak hil zuela semea.

19 urteko kartzela zigorra ezarri diote Julenen aitari, semea hiltzeagatik. Argazkia: EiTB
19 urteko kartzela zigorra ezarri diote Julenen aitari, semea hiltzeagatik. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

19 urteko kartzela zigorra ezarri diote, Donostian 13 urteko Julen semea hil zuen gizonari, Luis Serranori. Julen labankadaz hilda topatu zuten familiak Antigua auzoan zuen etxebizitzan, 2011n.

Kasuko iturriek adierazi dutenez, kartzela zigorraz gain, Luis Serranok 314.000 euro ordaindu beharko dizkie Julenen amari eta hiru anaiei (adingabeak hirurak), erantzukizun zibil gisa.

Duela bi aste, epaimahaiko kideek aho batez ondorioztatu zuten aitak hil zuela semea.

Defentsako abokatuak, Miguel Castellsek, orduan iragarri zuen helegitea aurkeztuko zuela Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusian.

Emazteari min egiteko hil zuen semea

Epaimahaiak frogatutzat eman zuenaren arabera, akusatua eta Julenen ama ezkonduta zeuden, lau seme-alaba zituzten eta Antiguako etxebizitza batean bizi ziren, alokairuan. 2011ko azaroan, baina, Julenen amak dibortzioa eskatu zion auzipetuari, eta honek bere burua labana batekin zauritu zuen, banaketa gelditu nahian. Psikiatrikora eraman zuten.

Sendagiria jaso ostean, gizonezkoa bere amaren etxera joan zen bizitzera, eta Julenen amarekin harremanetan jartzea lortu zuen. Dibortzioaren ondorioz etxea utzi behar zuela eta, semearekin harremanetan jarri zen, eta Antiguako etxebizitzara laguntzeko konbentzitu zuen.

Epaiak jaso duenez, etxera iritsi zirenean, aitak semea hil zuen, mendeku gisa, dibortziatzeko erabakia hartzeagatik bikotekide ohiari min emateko. Bat-batean eta mutikoari defendatzeko aukerarik eman gabe, labana bihotzean sartu zion, eta semea hilzorian zegoela, haren ondoan egon zen, sakelako telefonoaren bidez edo leihotik laguntza eskatu gabe.

Ondoren, labanarekin bere burua zauritu zuen, albornozaren gerrikoarekin soka-laster bat egin, eta dutxan lotu zuen. Jarraian, etxetik ihesi joan zen, eta zazpi egunez desagertuta egon zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia albisteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak